Indarberrituta abiatu du urtea Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko urt. 21a, 15:35
Ahalduntze eskolako teknikari Aizpea Esnaola eta Eider Goiburu, Anuska Esnal Orioko alkatea eta Maite Ortiz Gizarte Zerbitzuetako teknikaria.

Herriko emakumeei aholkularitza juridikoa eskaintzeko eta indarkeria eta diskriminazio egoerei aurre egiteko helburuarekin zerbitzu berriak sortu dituzte.

Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak, ordutegi zabalagoa izateaz gain, zerbitzu berriak ere eskainiko dituela jakinarazi dute. Gaur egin dute hiruhilekoaren aurkezpena Orioko udaletxean, eta bertan izan dira Orioko Ahalduntze Eskolako teknikari Eider Goiburu eta Aizpea Esnaola. Arduradunek azaldu dute 2020aren hasieran jarri zutela ahalduntze eskola martxan eta lehen urte horretan emakumeak ahalduntzeko ekimenak antolatu dituztela, nagusiki. «Arrakasta izan dute ekimenek, eta jarduera guztiak bete dira». Orain arte, 17-69 urte bitarteko emakumeek parte hartu dute antolatu dituzten egitasmoetan eta gustura daude erantzunarekin. «Belaunaldi desberdinetako emakumeek parte hartu dute, eta saiatzen gara baita ere kulturartekotasuna kontuan izaten eta bultzatzen». Hala, programazio berria aurkezteko argitaratu duten esku-orria arabieraz idatzia ere badago. «Orioko emakumeen diagnostikoa egin genuenean gure helburua izan zen herriko emakumeen ahotsak jasotzea, eta besteak beste komunitate musulman-arabiarrera gerturatu ginen. Beraien bizipen eta iritziak jaso genituen eta hortik abiatuta ere eraiki dugu ahalduntze eskola, beraz, hasieratik parte hartu dute proiektuan. Harreman horri eutsi nahi diogu; gure ekimenetan parte hartzea nahi dugu eta esku-orrian beren idazkera jasotzea gonbidatzeko modu bat dela uste dugu», argitu dute. 

Indarkeria kasuak
Aurkezpenean adierazi dute ikastaro eta hitzaldiak antolatzeaz gain, «beren harridurarako», indarkeria egoera ezberdinak ere iritsi zaizkiela ahalduntze eskolara; «herrian gertatzen ari diren indarkeria matxita kasuak kudeatzeko laguntza zerbitzua ere bihurtu da ahalduntze eskolak, guk aurreikusi gabe. Horregatik, erantzukizunez jokatu dugu eta indarkeria matxista kasu horietara bideratu ditugu gure esku zeuden baliabide guztiak». Hala, 2020an hausnarketa egin zuten, eta erabaki dute, Udalaren laguntzarekin, ahalduntze eskolari «beste izaera eta dimentsio bat ematea». Ildo nagusia emakumeen ahalduntzea izango da eta horretarako hitzaldi eta ikastaroak antolatu dituzte, baina herrian gertatzen diren indarkeria eta diskriminazio egoerei aurre egiteko bi zerbitzu ere jarri dituzte martxan.

Alde batetik, Garazi Pagola Ugarte eta Macarena Mujika Urbistondo abokatuek aholkularitza juridikoa eskainiko diete herriko emakumeei. Hilean behin izango dira Orion, hileko azken astelehenean, eta hainbat gairen inguruko aholkularitza eskainiko dute: dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, laguntza sozialak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, diskriminazioa eta etxeko langileen kaleratzea, besteak beste. Ahalduntze eskolako bulegoan bilduko dira abokatuak emakumeekin, eta horretarako egunak zehaztu dituzte dagoeneko. Datorren astelehenean, hilaren 25ean, egingo dute lehen saioa, eta otsailaren 22an eta martxoaren 29an hurrengoak. Hitzordua hartu daiteke 623 17 85 53 telefono zenbakira deituta edo ahalduntzeeskola@orio.eus helbidera idatzita.

Bestetik, indarkeria matxista jasaten duten emakumeei eta LGTBI kolektiboaren kontrako erasoak jasaten dituzten herritarrei bidelaguntza eta aholkularitza zerbitzua ere eskainiko diete Orioko Ahalduntze Eskolako teknikariek. Horretarako, egoera horretan aurkitzen diren herritarrei arreta pertsonalizatua eskainiko diete; bakoitzaren beharrak aztertu eta udaleko gizarte zerbitzuetara eta erakunde publiko desberdinetara bideratuko dituzte eta harremanetan jarriko dituzte parekidetasunarekin lotutako erakunde, elkarte eta zerbitzuekin, indarkeria egoerari erantzuna koordinatua eman ahal izateko. Zerbitzu hori Ahalduntze Eskolaren bulego ordutegian eskainiko da, elebitan: astelehenetan 16:00etatik 20:00etara,  asteazkenetan 10:00etatik 13:00etara eta ostiraletan 16:00etatik 20:00etara. Hitzordua hartu behar da aldez aurretik. 

Ikusi Hemen hiruhileko programazio osoa

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!