Martin Iriondok irabazi du Espainiako txapela atletismoko 3.000 metrotan

Onintza Lete Arrieta 2021ko mar. 20a, 19:51
Rubio, Iriondo eta Ziani, txapelketa amaitu ondoren

16 urtez azpikoen lehian nagusitu da korrikalari oriotarra gaur Oviedon (Asturias, Espainia) jokatutako txapelketan. 8:50:75 denbora eginda lortu du urrezko domina.

Orioko Atletismo Taldeko kidea da Martin Iriondo, eta gaur Espainiako txapela lortu du atletismoko 3.000 metroko proban, Oviedon (Asturias, Espainia). 16 urtez azpiko kategorian lehiatu da oriotarra, eta 8:50:75 denbora eginda lortu du urrezko domina etxeratzea.

Otsailean Espainiako eta Euskadiko txapelketetan parte hartu ahal izateko gutxiengo denborak markatzeko lasterketan izan zen Iriondo Donostian, eta orduan Euskadiko errekor berria ezarrita itzuli zen etxera, helmugan 09:05.75 denbora lortu eta gero 3.000 metrotako proban.

Gaur berriro erakutsi du bere maila aparta, Espainiako Txapelketa irabazita. Gazteak ondoan izan ditu Kamel Ziani eta Aitor Rubio entrenatzaileak.

Hain zuzen, otsaileko KARKARA aldizkarian luze eta zabal jorratu genuen atletismoa Aian eta Orion hartzen ari den indarra, eta erreportaje horretan ere ageri da Iriondo. Irakurri hemen erreportajea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!