PAPEREKOA

Korrika, inoiz baino biziago

Aiora Larrañaga Solaberrieta / Iñigo Gaiton 2021ko ots. 28a, 14:30

Gero eta jende gehiago aritzen da korrika, bai kalean, bai mendian. Orion eta Aian ere islatu da fenomeno hori, eta KARKARAk bi herrietako korrikalariengana jo du, kirolaren berezitasunak ezagutzeko. Orioko Atletismo Eskolakoen, Orioko eta Aiako mendi lasterketen antolatzaileen, Aiako emakume korrikalari taldearen eta hainbat norbanakoren iritziak bildu dira erreportajean.

Gaur egun, haur, gazte eta helduek osatzen dute Orioko atletismo taldea; Ziani da kadete mailatik aurrerako korrikalarien entrenatzailea, eta Rubio eta Ziani jarduten dira haur eta gaztetxoak prestatzen nahiz taldea kudeatzen. Alde batetik, Atletismo Eskola dute, eta bertan LH1 eta DBH 4 bitarteko haurrekin aritzen dira; Eskola Kirolaren egutegia jarraitzen dute, irailetik maiatzera bitartekoa. Txikienekin, batez ere, jolasak eta ariketak prestatzen dituzte haurrentzat eramangarriagoa izan dadin, eta garrantzia handia ematen diote teknika lantzeari. Urtez urte hazten ari da korrikalari gazte kopurua herrian, eta Rubiok aitortu du azken urtean haur asko gehitu dela taldera, “pandemia dela eta, beste kirol askotan ezin izan dutelako normaltasunez aritu”. Hala, koronabirusaz babesteko neurri gisa, haurrek talde txikietan entrenatzen dute Atletismo Eskolan, eta taldeko kide helduagoak begirale lanetan aritzen dira. “Denok ari gara Atletismo Eskolan laguntzen, eta aberasgarria izaten ari da esperientzia”, dio Rubiok.

Bestetik, kadete mailako bost korrikalari ere badituzte taldean, lau mutil eta neska bat: “Hasieratik gurekin entrenatzen duten haurrak hazten ari dira, eta kadete mailako taldetxoa osatu dugu”. Dena dela, argitu du atletismo taldean parte hartzen duten gaztetxo gehienek atletismoa beste kirolen batekin uztartzen dutela. “Atletismoa oso ona da koordinazioa hobetzeko, eta gurekin landutakoa oso baliagarria zaie beste kiroletan ere. Oraindik gazteak dira, eta uste dugu aberasgarria dela bi kirol uztartzea. Gainera, taldeko kirola oso garrantzitsua da gaztetan, eta atletismoa nahiko gogorra da zentzu horretan, bakarkako kirola delako, eta aspertu eta erre egin daitezke atletismoa bakarrik eginda”.

Xabat Elortza, Aitor Rubio aitaren urratsak jarraituz hasi zen korrika. "Aita gustura ikusten nuen korrika eta nik ere probatzea pentsatu nuen. Orain futbola eta korrika uztatzen ditut. Hemendik urte batzuetara ez dakit zer egingo dudan, aukeran bi kirolak gustatzen zaizkidalako", dio gazteak.

Martin Iriondok, esaterako, atletismoa eta igeriketa uztartzen ditu, eta emaitza bikainak lortzen ari da korrika, 16 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, esaterako, laugarren egin baitzuen urrian. Dena dela, aitortu du ezustean harrapatu dutela emaitzek. “Oso gustura nago taldean, giro ederra dugulako eta hobetzen eta nire burua gainditzen laguntzen didalako. Aurrera begira, triatloia probatu nahiko nuke, eta orain igeriketan eta korrika aritzea baliagarri izango zaizkidala uste dut”, azaldu du.

Neskak gerturatzea da Orioko atletismo taldearen erronka. “Atletismo Eskolan badabiltza neskak, eta helduen artean ere emakume asko ikusten dira kalean korrika, baina oraingoz Atletismo Eskolan ibili diren neska gutxi animatu dira jarraitzera”. Horietako bat da June Rodriguez gaztea; pasa den urtean hasi zen atletismo taldean, eta kadete mailan neska bakarra bada ere, “oso gustura” dago. “Giro ederra dugu taldean, eta eroso sentitzen naiz. Pasa den ikasturtean hasi nintzen, kirola egin nahi nuelako. Atletismoa aukeratu nuen, eta ez naiz damutzen; herriko neskak ere animatuko nahi ditut taldera”. Aitor Rubiok uste du denborarekin lortuko dutela neskak erakartzea: “Ateak irekita dituzte”, esan du taldeko arduradunak.

Helduak ere taldean
Haur eta gaztetxoek ez ezik, helduek ere parte hartzen dute Kamel Ziani Atletismo Taldean. “Korrikarako zaletasuna genuen herritar batzuk Whatssap talde bat sortu genuen elkarrekin entrenatzeko eta lasterketetara joateko, eta pixkanaka jendea gehitzen joan da. Gaur egun hogei inguru gara”, zehaztu du Rubiok. Horietatik batzuk federatuak dira; izan ere, COVID-19aren pandemia dela eta, lasterketak mugatuta daude, eta atletismoan federatutakoei aukera ematen die federazioak Donostian Belodromoko pista estalian eta Anoetako aire libreko pistan lehiatzeko. Hala, bederatzi korrikalarik eman dute federatzeko urratsa. “Federatuta egon edo ez, denok gara taldeko kideak”, argitu du Rubiok.

Asteko entrenamendu taula bidaltzen die Kamel Zianik kide guztiei; entrenamendu asko denentzat berdinak edo antzekoak izaten dira, baina badira korrikalari bakoitzak bere erritmora egin behar dituen saioak ere. “Hasierako beroketa eta amaierako hozketa elkarrekin egiten ditugu, eta bakarka aritzea baino errazagoa dela aitortu behar dut. Giro ederra dugu geure artean, eta guretzat atseginagoa da elkarrekin entrenatzea. Talde irekia gara, eta norbaitek gurekin entrenatu nahiko balu, ateak zabalik ditu. Emakumeak ere animatu nahi ditugu parte hartzera, oraingoz denok gizonak baikara”.

Teknika
Korrika bakoitzak bere erara egiten duela pentsatzen bada ere, teknikak garrantzia handia duela azpimarratu du Rubiok. “Teknika asko lantzen dugu. Haur askok, korrika ari direnean, lurra orpoarekin zapaltzeko ohitura dute; oin-puntarekin egiten saiatu behar da, ordea, orpoarekin zapalduta bizkarreko minak sor daitezkeelako. Horrelakoetan, gurasoekin hitz egiten dugu, eta zuzentzen saiatzen gara, haur eta gaztetxoen onerako delako. Izan ere, teknika ona duenak lasterketan zehar gutxiago sufrituko du, oker egiten ari denak konpentsatzeko ahalegin handiagoa egin behar delako”.

Haurrek ez ezik, helduek ere urteen poderioz bereganatutako ohitura txarrak badituztela aitortu du atletismo taldeko kideak. “Oso zaila da korrika ondo egitea. Are gehiago: esango nuke, taldekideon artean Kamel Ziani eta Hossain Kaanache direla korrika behar den bezala egiten duten bakarrak. Horiek asko landu dute teknika; gainontzekook, berriz, duela gutxi jarri dugu arreta alderdi horretan. Horregatik ematen diogu garrantzia haurrekin teknika lantzeari: gorputza zuzen eta aurrera begira korrika egin behar da. Heldutan ere zuzentzen ditugu joera txarrak, eta ohartzen gara oinarrizko arauak beteta, askoz hobeto egiten dela korrika”.

Mendi lasterketak
Ingelesez running deitzen dioten fenomenoak kaleak korrikalariz bete baditu, mendian ere antzeman da korrikalari kopuruaren hazkunde hori. Hala uste du Bittor Andresek. “Duela hamasei urte-edo hasi nintzen mendian korrika, eta orduan inor gutxi ibiltzen zen. Asfalto gainean ibiltzearekin aspertu egin nintzen, maratoiak egitera iritsi eta gero, eta Iban Osak Zegama-Aizkorri egitera animatu ninduen. Ikaragarri gozatu nuen lasterketan, eta kateatu egin ninduen kirolak”. Ordutik, hamahiru alditan egin du lasterketa ezaguna Andresek, eta 05:55:00 du errekorra. “Lehen ez zen arazorik izaten dortsalekin, baina orain, 15.000 izena emandakoen artean 250 zozkatzen dira”. 

Orain, osasun neurriak direla-eta, jende gehiago dabil mendian korrika. “Asko antzeman da, Kukuarri aldera joan besterik ez dago hori ikusteko. Azken elurtearen aurretik, Txindokin izan nintzen goizean goiz, eta laurehun pertsona pasatu nituen. Normala ere bada jendeak mendira jotzea, ulertzekoa da. Horren aurrean, goizean goiz ibiltzen naiz ni, ilunpetan, buruan linterna jarrita”, argitu du. 

Orioko Mendi Lasterketa sortu zutenetako bat da Andres. “Mendian ibiltzen ginen hiruzpalau laguneko taldetxoa, eta gure artetik sortu zen lasterketa egitearen ideia. 2010.urtean egin genuen aurrenekoa, eta 400 korrikalarik parte hartu zuten, plaza denak bete ziren. Izan ere, orduan ez zen lasterketa askorik inguruan. Gero, seigarren ediziotik aurrera, parte hartzaile kopuruak pixka bat jaitsi zen, baina 350 lagun juntatu izan dira ia beti”, 

Korrikalariak, antolatzaileak eta boluntarioak, jende asko mugitzen duten ekimenak dira mendi lasterketak, eta halakoetan ez da anekdota faltarik izaten. Andresek kontatu duenak, ordea, ez du jendearekin zerikusirik: “Mendiak zu hartu zuen bezperan, bosgarren urtean. Ibilbidea moldatzea erabaki genuen, eta azkenean, korrikalarientzat lasterketa gogorragoa izan zen horren ondorioz”. 

Aian 2012an egin zuten mendi lasterketaren lehen edizioa, kirola hartzen ari zen indarra ikusi eta gero. “Aian zerbait baldin badugu, hori mendia eta paraje ederrak dira. Lasterketa antolatu behar zela argi ikusi genuen”, azaldu du Joxe Mari Aiertzak. Aiako Kirol Elkarteko kidea da. 138 partaide izan zituen lehen edizioak, eta iazkoak 358. 

Aiertzaren iritziz, bi berezitasun ditu haien lasterketak: “Nahikoa motza da, 15 kilometro eskasekoa. Denboraldiaren hasiera aldean egiten dugu, martxoko lehen igandean, korrikalariak sasoia jartzeko izaten direlako oraindik. Bestetik, Pagoeta Parke Naturalean egiten da ibilbidearen %90, paraje ederrean”. 

Orion eta Aian, bi lasterketetan izaten da giro paregabea, bi antolatzaileek baieztatu dutenez. 

Erlazionatuak

"Niri gustatzen zaidana lehiatzea da"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2021 ots 28 Aia

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!