Ordu gutxian bete da Orioko mendi lasterketako izen ematea

Iñigo Gaiton 2021ko api. 15a, 18:52

Artxiboko irudia.

Talai Mendi Elkarteak antolatuko du aurten Orioko mendi lasterketa. Astelehen goizean ireki zuten inskripzioa, 09:00etan, eta Bittor Andres elkarteko presidenteak azaldu duenez, lehen bost minutuetan 125 lagunek eman zuten izena.

Maiatzaren 23an egingo da Orioko mendi lasterketa. Aurten, Talai Mendi elkarteak antolatuko du lehen aldiz, eta Talai-Mendi Trail izena jarri diote lehiaketari. Antolakuntzak astelehen goizean ireki zuen izen ematea, eta ordu gutxian bete ziren toki guztiak. "9:00etan zabaldu genuen inskripzioa egiteko aukera, eta lehen bost minutuetan 125 lagunek eman zuten izena. Eguerdi parterako, 200 dortsalak hartuta zeuden", eman du jakitera Bittor Andres Talai Mendi elkarteko presidenteak.

Parte hartzaileen artean 36 emakume eta 164 gizonezko daude, eta kanpoan geratu direnak itxarote-zerrendan jarri dituzte. Bajaren bat egonez gero, zerrenda horretara joko du antolakuntzak.

Andresek azaldu duenez, "ohi baino errazagoa" da aurtengo edizioaren ibilbidea. Orioko "jende asko" apuntatu dela ere nabarmendu du, "40 lagun inguru".

Talai Mendiko kideak antolakuntza lanetan "ondo" moldatzen ari direla adierazi du presidenteak, eta lotuta dituzte gauza guztiak. "Eguraldi ona egitea bakarrik falta zaigu. Aurten garrantzia berezia du horrek, egunean bertan ez delako dutxarik edo kontsignarik egongo parte hartzaileen eskura".

 

 

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!