Danbolin Musika Eskolak bideo bidez animatuko ditu aurten ikasleak eskolan izena ematera

Onintza Lete Arrieta 2021ko eka. 6a, 11:00

Hamabi minutu inguruko hiru bideo sortu dituzte herriko bi ikastetxeetako LHko ikasleak anima daitezen datorren ikasturtean instrumenturen bat ikastera. Urtero 50 laguneko taldea joan ohi zen eskoletara garai honetan, baina pandemiagatik formatua aldatu behar izan dutela azaldu du Elena Errasti zuzendariak. Irudietako batzuk Kosta Tailerreko teilatuko terrazan hartu dituzte, eta hangoak dira argazkiok.

Pandemiak eragindako mugek irudimena erabiltzera bultzatu dute gizartea, eta  lehen 50 laguneko taldeak bisitatzen bazituen ikasturte amaiera aldera herriko bi ikastetxeak LHko ikasleei erakusteko zer instrumentu jo zitzaketen Danbolin Musika Eskolan, aurten formatua goitik behera aldatu dute.

Aurten ere lortu dute ikastetxeak bisitatzea, baina birtualki egin dute, hamabi minutuko hiru bideo osatuta. Bideoetako batean soka taldeak hartu du parte; bestean banda erakutsi dute; eta hirugarrenean, euskal dantzak izan dituzte ardatz. Grabaketen zati bat toki berezian egin dute, gainera: Kosta Tailerreko teilatuko terrazan.

Elena Errasti Danbolin Musika Eskolako zuzendariak azaldu du bideoak egitearen ideiak "harrera oso ona" izan duela ikastetxeen aldetik, eta jada horiek ari direla ikasleei erakusten ikus-entzunezkoak.

Ostiralean egin zuten ate irekien aurreneko jardunaldia, eta hilaren 11n izango da hurrengoa.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!