Zeresana eman du Antilla hondartzako zakarrontziek gainezka egin izanak

Iñigo Gaiton 2021ko eka. 8a, 09:39

Maiatzeko azken asteburua pasatakoan, Orioko hondartzaren pasealekuko zakarrontzi batzuk hondakinez gainezka agertu ziren, eta herritar bat kexu azaldu zen Karkara.eus-era bidalitako gutunean. Orioko Udalak azaldu du udaberrian "baliabide gehiago" jarri beharko direla inguruan, uda denboraldiaren aurretik hondartzan gero eta jende gehiago dabilela iritzita.

Lehengo astean, herritar bat kexu azaldu zen Karkara.eus webgunera bidalitako gutunean. Hark salatu zuenez, asteburuan jende asko ibili zen Orioko Antilla hondartzan, eta pasealekuko zakarrontziek gainezka egin zuten. Herritarraren hitzetan, uda aldera ohikoa da hondakinen pilaketa gune horretan. «Begi bistakoa denez, hondakinen kudeaketa ez da egokia hondartza inguruan», kexatu zen. 

Haren iritziz, «gero eta maizago» izaten da arazo bera Antillan. Osasun krisia dela eta, bisitari gehiago izan du Oriok azken urtean, baina gutunean azaltzen denez, «lehenago ere» izaten ziren arazoak hondakinekin. 

«Kudeaketa desegokiak herriari itxura txarra emateaz gain, hondakinak behar bezala sailkatu ahal izatea» eragozten du, herritarraren esanetan. Horren ondoriotzat jotzen du, besteak beste, «zaborrak erraustegi edo zabortegien bitartez tratatu behar izatea». 

Itsasora ailegatzen den zaborrari ere egiten dio erreferentzia gutunak: «Itsasoa hain gertu izanik, gainezka egiten duten zaborrontzietako hondakinek uretan bukatzeko arriskua izaten dute», azaltzen du testuak. 

Hori guztia dela eta, sinatzaileak «beharrezkoak diren konponbideak» eskatzen dizkie agintariei. 

Hiru eskumen hondartzan
Orioko Udalak gaiaren gaineko azalpenak eman ditu. Ainara Munduate Hirigintza batzordeburuaren esanetan, udalarena da hondartzako zaborrontzi txikienen ardura. «Horiek urte guztian egoten dira toki berean. Errefortzuko kuboak, uda denboraldian –ekainaren 15etik irailaren 15era– hondarretara jaisteko bi sarreretan egoten direnak, Gipuzkoako Foru Aldundiak jartzen ditu; haiek erabakitzen dute noiz jarri. Udako denboraldia hasi aurretik Orion gero eta jende gehiago dabilela ikusita, udaberri aldean ere baliabide gehiago eskaini beharko dira Antilla hondartzaren inguruan. Beste erakundeekin elkarlanean bilatu beharko da konponbidea». 

Bestalde, edukiontzi handiak ere badira hango auzogunean bizi diren herritarrentzat, eta horiek ere izan ditu hizpide Munduatek:«Urola Kostako Udal Elkartearen ardurapekoak dira. Txartel bidez ireki behar dira orain, eta horren ondorioz, bisitariek errefusa edo organikoa edukiontzien kanpoaldean uzten dute; udal elkartearekin batera ari gara gaia lantzen». 

Herrian sortzen diren behar berrietara egokitzeko premia nabarmendu du Anuska Esnal Orioko alkateak: «Azkenaldian, Antilla hondartzak beste indar bat hartu du, eta hondakinen kudeaketari lotutako kontratazio zaharrak berrikusi egin behar dira, oraingo beharrei hobeto erantzun ahal izateko».  

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!