Iñaki Arrillagak egindako ilustrazioa opari uztaileko KARKARA aldizkariarekin batera

Iñigo Gaiton 2021ko uzt. 2a, 16:00

Orioko estropalariei animoak emateko eta babesa adierazteko helburuarekin argitaratu dute artelana KARKARAk eta Iñaki Arrillaga artistak, goi mailako traineru estropaden atarian. Ilustrazio berarekin egindako bost laminaren zozketa ere egingo da uztailean, marko eta guzti.

Opari berezia jasoko dute gaur KARKARAren irakurleek aldizkariarekin batera: Orioko estropalariak eta zaleak ardatz hartuta, Iñaki Arrillagak egindako ilustrazio ederra. Artelan berezia osatu du artistak, herritarrentzat ezaguna den argazkia erreproduzituz: txalupa horia errioan behera ikus daiteke irudian, eta herritarrak moilan, estropalariak animatzen.

Eusko Label eta Euskotren ligak asteko egun bakarraren faltan, etxebizitzetan, tabernetan, dendetan etab. jartzeko posterra oparitu nahi izan diete KARKARAk eta Arrillagak herritarrei, traineru horia toki guztietan ikusteko moduan egon dadin.

Horrez gain, uztailean irudi berarekin egindako bost lamina zozkatuko ditu KARKARAk, marko eta guzti, bazkideen artean. Zozketan parte hartu ahal izateko, bazkideek datu pertsonalak bidali beharko dituzte karkara@karkara.eus posta elektronikora, uztailaren 23a baino lehen.

Iñaki Arrillagaren erakusketa Usurbilen
Ekainean Arraunean munduan zehar erakusketa zabaldu zuen Arrillagak Usurbilen, Artzabal jatetxean. Azken urteetan egindako ilustrazioak biltzen ditu erakusketak, eta izenburuak dioen bezala, arraun munduko irudiekin osatu du bilduma. Uztaila amaierara arte egongo da ikusgai.

Iñaki Arrillagaren artelan gehiago ikusteko, egin klik hemen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!