Hirugarren eta zazpigarren oriotarrak, Euskotren eta Eusko Label ligako lehen estropadan

Mireia Galarza Bastida 2021ko uzt. 3a, 20:18

Orioko neskek adierazi dutenez, "haize gogorra" izan da hasieran etsai beraientzat, eta gero "errekuperatzea" lortu badute ere, ez dituzte "gustuko" emaitzak lortu. Mutilen kasuan ere ez dituzte nahi dituzten emaitzak lortu, baina haien esanetan, taldearen sentsazioak ez diran "hain txarrak" izan. 

Euskotren eta Eusko Label ligei hasiera eman diete gaur arratsaldean Galiziako uretan, IV. Bandeira Cidade da Coruñako lehen jardunaldiarekin, eta aurreko bi urtetan ez bezala, hirugarren sailkatu dira Orioko neskak estreineko lehian. Mutilen kasuan, zazpigarren sailkatu dira -aurreko urtean laugarren sailkatu ziren-. Bihar jokatuko dute leku berean bigarren estropada, eta lortutako denboren arabera erabakiko da nork eskuratuko duen bandera.

Emakumezkoen lehiari dagokionez, oso estropada lehiakorra izan da, eta oriotarrak ondo hasi badira ere, pixkanaka-pixkanaka segunduak galdu dituzte. Ziabogara iritsi aurretik lehia oso estua izan du Arraun Lagunarekin, baina poparean ezin izan dio aurre hartu, eta 11:31,36koarekin sailkatu da. Lehenengo postua lortu du Arraun Lagunak, 11:25;88ko denbora eginda, eta bigarren sailkatu da Donostiarra, ia bi segundoko tartearekin (11:27,86). Estropada osoan atzetik joanda, 31 segundoko aldearekin sailkatu da Hondarribia.

Orioko neskek adierazi dutenez, "haize gogorra" izan da hasieran etsai beraientzat, eta gero "errekuperatzea" lortu badute ere, ez dituzte "gustuko" emaitzak lortu. Hala ere, biharko estropadan "hobetzea" espero dutela diote.

Gizonezkoen kasuan, emaitzak ere ez dira nahi bezalakoak izan. Ares, Lekeitio eta Santurtzirekin lehiatu dira heuren txandan, eta hasieran azken horrekin tinko lehiatu badira ere, ihes egin dio gero Gorka Aranberriren taldeak, eta Aresekin neurtu behar izan dituzte oriotarrek indarrak amaieran. Heuren txandan bigarren sailkatzea lortu badute ere, sailkapen orokorrari dagokionez zazpigarren postuan amaitu dute 20:55;80ko denborarekin. Hondarribia sailkatu da lehenengo postuan, 20:16;56ko denbora lortuta, bigarren Santurtzi, 20:30;72rekin, eta hirugarren Zierbena, 20:40;62ko denbora lortuta.

Gizonezkoen taldeak adierazi duenez, emaitzak "nahi bezalakoak" izan ez badira ere, taldearen sentsazioak ez diran "hain txarrak" izan, eta horren aurrean "borrokan" jarraituko dutela jakinarazi dute. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!