Etxean geratu da emakumezkoen Orio Kanpina IX. Bandera

Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 17a, 19:10

Estropada hasieratik aurrean jarri dira, eta ateratako hiruzpalau segundoko aldea baliatu dute ligako hirugarren garaipena lortzeko.

Orain artean, larunbatetan Donostia Arraun Lagunak-entzat izan da garaipen eta igandetan Orio- Orialkirentzat, baina gaur dinamika hori hautsi egin dute oriotarrek eta denboraldiko hirugarren trapua erdietsi dute, etxean bertan. Orio Kanpina IX. Bandera irabazi dute, eta, ondorioz, lidertzari serio eusten diote.

Estropada hasiera bizia egin dute lau ontziek, baina Oriok aurretik sartu du branka, eta apurka-apurka hiru segundoko aldea atera die Arraun Lagunak eta Hondarribiari; Donostiarra, aldiz, atzean geratu da. Ziabogan txalupa apur bat zabaldu baldin bazaie ere, bizkor atera dira; ez horrela Arraun Lagunak, non atzean geratu den. Hondarribiak serio jarraitu du, ordea, oriotarren lorratza. Segundo pare batez handitu du aldea Oriok aurkariekiko bigarren luzean, eta aise irabazi du estropada, nahiz eta bukaeran besteak gerturatzen joan diren.

Sailkapena

  1. Orio-Orialki 10:55,26
  2. Hondarribia 10:58,36
  3. Donostia Arraun Lagunak 10:58,76
  4. Donostiarra 11:01,28

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!