Santurtzik irabazi du Orioko XXXI. Estropada

Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 17a, 20:15

Orio-Orialki bigarrena izan da bere txandan sekulako erakustaldia eman ondoren.

Orion jokatu dira gaur arratsaldean Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako jardunaldiak, eta etxeko ordezkariek erakustaldi ederra eman dute. Emakumezkoek Orio Kanpina IX. Bandera irabazi badute, gizonezkoak bigarren izan dira sailkapen orokorrean bigarren txandan arraun eginda. Santurtzirentzat izan da gizonezkoen Orioko XXXI. Estropada, azken luzeko azken txanpan Hondarribia kexu bazen ere; azkenean, epaileek ez dute ezer ikusi eta garaipena bizkaitarrentzat izan da.

Oriok egundoko estropada egin du bere txandan. Herritarren aurrean ez zuen hutsik egin nahi eta bere arraunketa erakutsi nahi izan du. Bandera bakarrik falta izan zaio, zoritxarrez. Hasieratik amaierara arte agindu du, eta 11 segundo aldea atera dio bigarrena izan den Urdaibairi. Salsamendiren mutilek hor goian aritzeko taldea dutela aurkeztu dute gaurkoan.

Zarautz-Gesalaga-Okelanek, ordea, ez du asmatu oraingoan ere. Lehenengo txandan lehiatu da Ares, Tiran eta Lekittarrarekin batera, eta hasiera txukuna eman dio, itxura onarekin. Bazirudien aurreko asteko mamuak uxatuko zituztela zarauztarrek, gaurkoan Gaizka Garmendia patropi beteranoaren gidaripean. Lekittarra eta Ares gertu zituen, baina hirugarren luzea erabakigarria izan da, non aldeak handitu dizkieten eta, horrez gain, atzetik zetorren Tiranek ere aurrea hartu diola. Azkenean, azkena izan da sailkapen orokorrean.

Sailkapena

  1. Santurtzi 19:55,32
  2. Orio-Orialki 19:59,60
  3. Hondarribia 20:00,10
  4. Donostiarra 20:10,36
  5. Zierbena 20:11,60
  6. Urdaibai 20:10,36
  7. Cabo da Cruz 20:28,84
  8. Lekittarra 20:31,04
  9. Ondarroa 20:32,28
  10. Ares 20:35,06
  11. Tiran 20:35,96
  12. Zarautz-Gesalaga-Okelan 20:45,60

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!