Azken bi estropaden faltan, maldan gora jarri zaio Euskotren liga Oriori

Onintza Lete Arrieta 2021ko abu. 1a, 12:01
Atzoko estropadako une bat (Argazkia: Aitor Arrizabalaga)

Arraun Lagunak taldeak erakustaldia eman du gaur Santurtzin, eta Orio sendo hasi bada ere, bigarren ziabogan aurrea hartu dute donostiarrek, eta erraz nagusitu dira. Zarauzko estropadek erabakiko dute ligako garailea.

Estropada oso garrantzitsua zen gaur Euskotren ligakoa. Izan ere, gaurkoaren ondoren, bi estropada bakarrik faltako dira liga amaitzeko; abuztu erdian Zarautzen jokatuko diren bi banderak, hain zuzen. Orio sailkapen nagusian Arraun Lagunak taldeagandik puntu bakarrera zen; 28 eta 29 puntu zituzten gaurko lanak hasi aurretik.

Gainera, gaurkoan 500 metro gehiago egin behar izan dituzte emakumezkoek Santurtziko itsasadarrean. Hala, ziaboga bakarra egin beharrean, hiru egin dituzte.

Horregatik, dena ematera atera dira gaur ere oriotarrak. Aurreneko metroetan aurretik atera dira, eta aurreneko ziabogan ere azkarrenak izan dira, Arraun Lagunaki segundo pare bat aterata. Bigarren ziabogan, ordea, Arraun Lagunak aurreratu da, eta hiru segundoko errentarekin jarri dira donostiarrak.

Ez dute alde hori gutxitu, eta azken ziabogan ere lan ona eginda, Oriori bost segundoko aldea atera diote. Donostiarra gerturatu egin da, gainera, Orioren denborara, eta bigarren posturako lehian egin dituzte azken metroak. Orio sailkatu da bigarren, azkenean.

Hondarribia oso atzean, 28 segundora helmugaratu da.

SAILKAPEN NAGUSIA

1 DONOSTIA ARRAUN LAGUNAK 33
2 ORIO ORIALKI 31
3 DONOSTIARRA LACTURALE 21
4 HONDARRIBIA BERTAKO IGOGAILUAK 15

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!