“Harrobiko estropalariekin atera ditugu traineruak, eta aurrean gabiltza; bide onean goaz”

Iñigo Gaiton 2021ko abu. 4a, 09:03
Josu Esnaola, artxiboko irudian.

Estropalariek egin dituzte traineru denboraldiaren lan erdiak dagoeneko, eta Josu Esnaola Orio AEko presidentearen hitzetan, udak orain arte laga duenaren balorazioa “oso ona” da. Balio handia eman dio traineruak harrobiko arraunlariekin osatu izanari.

Josu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko presidentea pozik agertu da Orioko traineruen martxarekin. “Mutilak eta neskak lehiakor ikusi ditugu astebururo. Emakumezkoek lortu dituzte garaipenak, eta gizonezkoen kasuan, banderen lehian ere ibili izan dira, tarteka bada ere. KAE1 mailan ere ondo ari dira borrokan. Oso ona da orain arte ikusitakoaren balorazioa”, azaldu du.

Etxeko estropalari ugari dago aurten Orioko hiru traineruetako tripulazioetan, eta Esnaolaren iritziz, horrek izan behar du bidea. “Bi traineru nagusietan, oker ez banago, harrobiko bederatzi estropalari izan dira lehiaketa guztietan, eta mutilen bigarren traineruan ere bai”.

Azken bi urteetan, haur eta gaztetxo asko hasi da arraunean, presidentearen esanetan, eta haientzat ona da traineruetan harrobiko arraunlariak ikustea, “lana ondo eginda goi mailan lehiatzera iritsi daitezkeela ulertzen dutelako umetatik”.

Bi traineru nagusiak, goran
Iaz nagusitasun handia erakutsi zuten Orioko neskek denboraldi guztian zehar, eta aise gailendu ziren estropada askotan. Aurten, espero zen bezala, estuago dabiltza: “Ondo ari gara kudeatzen aurten dagoen lehiakortasun hori. Denoi gustatzen zaigu banderak irabaztea, baina ez da erreala traineru bat denboraldi guztian irabazten ikustea. Urtea oso ona ari da izaten neskentzat, eta argi geratu denez, edozeinek irabazi ditzake banderak. Faborito argirik ez dago”.

Mutilak ere goran dabiltza denboraldia hasi zenetik, baina oraindik ez dute garaipenik eskuratu. “Neguko lana oso ona izan zela bagenekien, baina besteen parean jarri arte, ez da jakiten non ibiliko zaren. Aurreneko lauretan gabiltza, eta itxura ona ari gara ematen. Zaleek ilusioa handiarekin ikusten dituzte estropadak, eta hori garrantzitsua da”, adierazi du Esnaolak.

Zarauzko estropadak dira hurrengo erreferentzia nagusia: “Asteburuan Galiziara joango gara mutilekin, eta estropadaz estropada joan behar dugu, poliki-poliki. Hala ere, Zarautz da hurrengo benetako erreferentzia, eta han ikusiko dugu zer maila daukagun irailera begira”.

Presidenteak ez du ezkutatu: Arraunetxen ilusioarekin begiratzen diete jokoan izango diren gizonezkoen eta emakumezkoen Kontxako Banderei.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!