Donostiarra Kaiarriba Arraun Elkarteak Santurtzin jokatutako estropada inpugnatu du

IƱigo Gaiton 2021ko abu. 5a, 15:23

Agidanez, uretako epaileak banderatxo urdina atera zion Oriori Hondarribiaren uberan sartzen saiatu zenean, eta Donostiarrak azaldu duenez, estropadaren aktan ez dago hori jasota. Horregatik, inpugnatu egin dute igandeko estropada.

Lehengo igandean Santurtzin jokatu zuten estropada Eusko Label ligako txalupek, eta jardunaldiak zeresana ematen jarraitzen du oraindik ere. Izan ere, lehiaketaren egunean bertan, asko izan ziren uretako epailearen jokaera ezbaian jarri zuten ahotsak, estropaden historian sekulan hartu ez den erabaki baten harira: Oriori ez zion Hondarribiaren uberan sartzen utzi, tarte zabalarekin atzetik joan arren. Epailearen ontzia Hondarribiaren atzean jarri zen, Oriori istriborrerako bidea itxiz, eta horrez gain, banderatxo urdina atera zien oriotarrei.

Orain jakin denez, Donostiarra Kaiarriba Arraun Elkarteak estropada inpugnatu du, jardunaldiko aktak epaileak Oriori ateratako banderatxoaren berri ez duela ematen argudiatuz. Inpugnazioak aurrera egiten badu, Oriori hiru segundoko zigorra ezarriko diote, eta sailkapen orokorrean puntu bat galduko luke. Hala, Donostiarra eta bien arteko aldea puntu bakarreko izango litzateke, Ohorezko txandan egoteko duten borroka are gehiago estutuz.

Lehiaketako epaile bakarrak onartu egin du Donostiarraren erreklamazioa aztertzea. Hala ere, oraindik ikusteko dago Oriori zigorra aplikatuko dioten edo ez.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!