"Donostiarraren inpugnazioarekin arraun munduak galtzen du; ez dugu ulertzen haien jokabidea"

IƱigo Gaiton 2021ko abu. 5a, 17:19

"Haserre eta oso minduta" mintzatu da Josu Esnaola Orio AEko presidentea, Donostiarra Kaiarriba Arraun Elkarteak sartutako inpugnazioaren aurrean. Arraunetxen aste gogorra izan dutela aitortu du elkarrizketan.

Nola hartu du duzue inpugnazioaren albistea elkartean?
Atzo arratsaldean izan genuen albistearen berri, TKE ligak duen intranetaren bitartez. Harridura eta atsekabe handia eragin dizkigu Donostiarraren erreklamazioak. Izan ere, igandean epaileak uretan hartutako erabakiak Oriori eragin zion kalterik handiena, eta elkarteren batek konpentsazioren bat eskatu beharko balu, hori Orio AE da. Izan ere, historian ez da halakorik ikusi. Noiztik dago galarazita aurretik doan txaluparen uberan sartzea?

Ustez kaltetuenak gu izan arren, astea isilik pasatzea erabaki genuen igandean, eta egia esan, azken egunak gogorrak izan dira. Orain, Donostiarrak, alegia, hirugarren elkarte batek —Orio eta Hondarribiaren artean sartu zen epailea— akta inpugnatzea, errespetu falta ikaragarria iruditzen zaigu; ez Oriorekiko bakarrik, arraun munduarekiko baizik. 

Igandean nola bizi izan zenuten estropadako momentu hori?
Harridura ikaragarriarekin. Telebistaren zuzeneko emisioan jarduten duten kazetariek ere adierazi zuten haien harridura, historian ez baita halakorik ikusi. Beste elkarteetako estropalariek eta ordezkariek babesa adierazi digute, ez baita normala halakoak gertatzea.

Nire ustez, argi geratu zen uretako epaileak akats bat egin zuela, eta huts horrek Oriori eragin ziola kalterik handiena. Orain, akats horrengatik Orio zigortzea eskatu du Donostiarrak, eta jokabide eskasa iruditzen zaigu.

Donostiarra Kaiarribako ordezkariekin hitz egiteko aukerarik izan al duzue?
Atzo bertan deitu nion presidenteari, Orio Arraunketa Elkartea osoaren mina azaltzeko. Ez dugu ulertzen haiek izan duten jokabidea.

Nola dago inpugnazioa orain burokratikoki?
Epaileak onartu du erreklamazioa aztertzea, eta alegazioak egiteko tartea ireki dute. Uretako epaileak-eta hitz egin beharko dute orain. Gero, horiek diotenaren arabera, Orio Arraunketa Elkarteak erabakiko du nola jokatu.

Zerbait gehitu nahi al duzu?
Arraunarekiko errespetu falta iruditzen zaigu hau guztia, eta ikusiko dugu afera noraino iristen den. Gai hauetaz hitz egiten jardun beharra bera, tristea eta zatarra da, pena ematen dit.

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!