Seigarren izan da Orio Rianxoko estropadan

Karkara 2021ko abu. 7a, 21:15
Orioko trainerua Rianxon, estropada amaitu ondoren. Argazkia: CRO Orio.

Bandeira Barbanza Arousa jokatu da gaur arratsaldean Rianxon, Galizian. Eusko Label ligarako puntuagarria den estropada haizeak eta hark eragindako olatuek baldintzatu du. Orio seigarren izan da, eta irabazlea bigarren txandan aritu den Donostiarra izan da. 

Haiza bolada indartsuak eta haize olatuak izan dituzte gaur aurkari Eusko Label ligako estropadan. Bandeira Barbanza Arousa jokatu dute arratsaldean Rianxon. Lehen aldiz jokatu dute herri honetan Eusko Label ligako bandera bat, eta, adituen esanetan, estropada eremuak zalantza bat baino gehiago piztu ditu, kaleen artean egon daitekeen aldeengatik. 

Orio ohorezko txandan aritu da, Santurtzi, Zierbena eta Hondarribiarekin batera. Bigarren kalean aritu dira oriotarrak. Lehen luzea oso estua izan da, eta Santurtzik burua ia hasieratik hartu badu ere, lau ontzien artean segundo gutxiren aldea izan da. Bigarren eta hirugarren luzean atzean geratu da Orioko trainerua, baina laugarren eta azkenengoan hortzak estutu, eta zail jarri dizkio gauzak Hondarribiari. Ordurako ihes eginda zeuden txanda irabazi duen Santurtzi (20:00,46) eta bigarren izan den Zierbena (20:07,12). Azken txanpan, baina, Hondarribia heldu da (20:10,92) oriotarren aurretik (20:11,04), hamabi ehuneko eskasengatik.

Bandera, ordea, ez da Santurtzira joan, Donostiara baizik. Bigarren txandan aritu den Donostiarrak egin du estropadako denborarik onena (19:59,90). Hogei minututik jaitsi den ontzi bakarra izan da Donostiakoa, eta hark eraman du bandera. Bigarren txandan aritu den Urdaibai ere ohorezko txandako traineru batzuen aurretik sartu da 19:59,90 denbora eginda; hirugarren izan da Bermeoko ontzia. 

Estropada honetako denborak hemen ikus daitezke.

Rianxoko estropadaren ondoren, Orio bosgarren da sailkapen orokorrean, 93 punturekin. Aurretik ditu lider den Santurtzi (117 puntu), Hondarribia (109 puntu), Zierbena (97 puntu), eta gaurko irabazle, eta Oriori aurrea hartu dion Donostiarra (96 puntu).

Bihar ere Galizian izango da Eusko Labeleko estropada: eguerdiko 12:00etatik aurrera, XXXI Bandeira Concello de Boiro jokatuko dute.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!