Estropada bikaina egin du gaur Oriok Galizian

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 8a, 16:00
Argazkia: CRO Orio

Bigarren egunez jarraian, Galizian jokatu dira Eusko Label ligako estropadak. Atzo Rianxok hartu zuen arraun giroa; gaur itsasadarreko beste aldean izan dira traineruak, Boiron hain zuzen. 

XXXI Bandeira Concello de Boiro jokatu da gaur eguerdian, eta bezperan izan ez ziren arraunerako baldintzak izan dituzte: haize bolada gutxiago, eta denek ezagutzen duten estropada eremua. Baldintza horiekin, Oriok itxura bikaina erakutsi du gaur, eta bandera irabaztetik hurbil izan dela esan daiteke.

Larunbatean Rianxon izandako emaitzen ondorioz –seigarren izan zen atzo Orio–, San Nikolas trainerua bigarren txandan aritu da Ondarroa, Cabo eta Hondarribiarekin batera. Bi oilar zeuden txanda honetan, eta 20 minutu baino gutxiagoko arraun saioan beraien nagusitasuna erakutsi dute.

Irteera ezin hobea egin du Oriok, baita estropadako burua hartu ere. Segundo bakarrera zuen Hondarribia, eta beste bi aurkariak ia berehala geratu dira atzean. Lehen ziabogan segundo bakarreko aldea zuten horiek berdeekiko, eta itzulerako luzean ez da berdintasun hori hautsi. Ezta bigarren ziabogan ere: biak batera ekin diote ariketa honi, baina aurretik atera da Hondarribia, ziaboga hobeagoa egin duenaren seinale. Ama Guadalupekoak burua hartu du, baina aldeak ez du inoiz hiru segundoko aldea pasatu; hor zegoen Orio zelatan, hondarribitarren akatsen bat aprobetxatzeko. Hiru segundoko aldearekin sartu dira berdeak hirugarren ziabogara, baina bueltakoan hortzak estutu dituzte oriotarrek, baita aldea jan ere. Hondarribia-Orio, Orio-Hondarribia. Azken txanpan, esprintean, Hondarribia nagusi izan da (19:23,56). Orio izan da bigarren segundo bat gutxiagora (19:25,50). Hirugarren izan da Ondarroa, eta laugarren Cabo. 

Denbora bikaina egin dute biek ala biek, eta ikustekoa zen ohorezko txandan arituko ziren lau traineruak denbora horiek hobetzeko gai izango ziren, edo, bestela, larunbatean gertatu bezala, bigarren txandako ontziren bat izango zen banderaren jabea. Baina ez, Santurtzik ez du hutsik egin, eta moreek irabazi dute Boiroko bandera (19:21,44 ), Hondarribiarekiko bi segundo eskasekin. 

Hemen ikus daitezke gaurko estropadako denborak.

Galizian lortutako seigarren eta hirugarren postuaren ondoren, Oriok bosgarren postuan ekingo dio datorren asteburuan jokatuko den Zarauzko Ikurrinari. Bigarren txanda arituko da, Urdaibai, Cabo de Cruz eta Ondarroarekin batera.

Sailkapen orokorra hemen ikus daiteke. 

B ontzia zazpigarren Getarian

Getarian jokatu da gaur eguerdian KAE-1 ligako estropada, Getariako XII. Bandera, hain zuzen. Etxeko ontziak, Getariako Esperantzak astindu du bandera. Orioko B trainerua zazpigarren izan da gaurkoan –zortzigarren izan zen atzo Astilleron–. Bi estropada hauen ondoren, zortzigarren da Orio sailkapen orokorean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!