Oriok irabazi du Zarauzko Ikurrina

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 15a, 11:26
(Aitor Arrizabalaga)

Zarauzko Ikurrina irabazita borobildu du Oriok aurtengo denboraldia. Liga irabaztea ez da posible izan, Arraun Lagunak bigarren izan baita gaur, eta donostiarrek eskuratu dute aurtengo Euskotren liga.

Estropada apartarekin amaitu da gaur Zarautzen Euskotren liga. Arraun Lagunaken eta Orioren artean zegoen lehia bizia, eta biek ala biek irabazi dute gaurkoan. Oriorentzat izan da Zarauzko 13. Ikurrina bi jardunaldietako estropadak irabazita, eta Arraun Lagunakek eskuratu du Euskotren liga. 

Bederatzi segundoko aldea zekarten oriotarrek gaurko estropadan bandera irabazi ahal izateko, eta abantaila handia baldin bazen ere, asko zegoen jokoan. Segundo beraren barruan ibili dira lehen luzearen hasieran Orio, Donostiarra eta Arraun Lagunak. Ziabogan atera dio aldea Oriok Arraun Lagunaki, eta poparean bi segundoko aldea aterata abiatu badira ere, Arraun Lagunakek erakustaldia eman du itzulerako luzean, eta pare parean ibili dira bi traineruak. Donostiarra eta Hondarribia atzean geratu dira itzulerako luzean. Hemen daude gaurko denborak:

  1. Orio-Orialki 10:51,00
  2. Arraun Lagunak 10:51,72
  3. Hondarribia 11:01,06
  4. Donostiarra 11:06,00

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!