Bigarren izan da 'San Nikolas' Hondarribian, estropada bikaina egin ondoren

Karkara 2021ko abu. 22a, 14:14

Orioko taldea, larunbatean Ondarroan. Argazkia: CRO Orio.

Aurpegirik onena erakutsi du gaur Orioko traineruak Hondarribian jokatutako estropadan. Bere txanda erraz irabazi du, eta sailkapenean bigarren sailkatu da. 

Hondarribiko XXXIV Bandera jokatu berri da gaur eguerdian, eta Orioko San Nikolas traineruak aspaldiko itxurarik onena eskaini du Eusko Label ligarako puntuagarria izan den estropada honetan. 

Bigarren txandan aritu da Orio, Cabo, Urdaibai eta Ondarroarekin batera. Lehen minuturako txandako burua hartu du San Nikolasek, eta ez du lehen postu hori inoiz galdu; minutuek aurrera egin ahala, beste hiru traineruekiko aldea handitzen joan da Orio. Hala, lehen ziabogan lau segundoko aldea atera dio Urbaibai, zortzi Cabori eta bederatzi Ondarroari. Ondoren etorri diren bi ziabogetan aldea handitu egin dute oriotarrek, eta estropada bikaina egiten ari zirela jakinda, azken luzean hortzak oraindik eta gehiago estutu dituzte, Hondarribiko bandera lortzea ez zen eta ezinezkoa. 19:33,18 denbora egin du Oriok bere txandan; bigarren egin duen Urdaibairi hamabi segundo atera dizkio. 

Ohorezko txandan aritu diren Santurtzi, Hondarribia, Donostiarra eta Zierbena ziren bandera irabazteko faboritoak. Hor tartean sartu da, baina, Orio. Une batean estropadaren buruan ere egon da: segundo bateko aldea atera dio lehen ziabogan ohorezko txandan aritu den Hondarribiari. Baina, hortik aurrera nagusitasun garbia erakutsi du etxeko traineruak, baita bandera irabazi ere. Eguneko sailkapenean bigarren egin du Oriok, Santurtzi, Donostiarra, Urdaibai eta Zierbenaren atzetik. 

Hemen ikus daitezke gaurko estropadako denborak.

Sailkapen orokorrean bosgarren jarraitzen du Oriok, 140 punturekin. Baina, laugarren postua puntu bakarrera du: Zierbena da laugarren 141 punturekin. Datorren asteburuan Galizian jokatuko dira Eusko Label ligako estropadak: larunbatean Aresen eta igandean Moañan. 

Gizonezkoen B ontzia bederatzigarren

Gaur jokatu da KAE-1 ligaren aurtengo azken estropada. XLIII. Villa de Bilbao estropada jokatu da gaur arratsaldean Ibaizabalen. Erlojuaren aurkako estropada izan da, eta ligan aritu diren bederatzi ontziak lehiatu dira. Kaikuk irabazi du gaurko estropada, eta Orioko B ontzia zortzigarren izan da gaur. Sailkapen orokorrean bederatzigarren postuan amaitu du Orio Bk liga.

Neskak hirugarren

Eusko Label ligako estropadaren aurretik, emakumezkoen traineru estropada jokatu da Hondarribian. XIII. Txingudiko Bandera ez da izan hau ligarako estropada puntuagarria, eta irabazlea Donostia Arraun izan da. Orioko traineruak parte hartu du ligaz kanpoko estropada honetan, eta hirugarren izan da Donostiako bi traineruen ondoren –Donostiarra izan da bigarren–

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!