Orioko gizonezkoak ere Kontxan lehiatuko dira

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 2a, 19:15

Igandean bigarren txandan lehiatuko da, eta Santurtzi, Cabo eta Aresekin batera egingo du arraunean.

Arraunerako oso exijente zegoen itsasoa gaurkoan, gizonezkoen Kontxako sailkatze estropadan. Badiaren kanpoaldean haizeak bortizki jotzen zuen ipar-ekialdetik, eta txalupak balantzaka egiten zuten aurrerantz lehen luzean, kasik ezinean, bakoitzak kale egokiena bilatu nahian. Teknikoki zaila zegoen arraun eremua, eta asmatzen ez zuenak denbora asko galtzeko arriskua zuen. Eusko Label Ligako sailkapeneko lehen postuetan kokatuta dauden traineruek ez dute hutsik, eta horiexek sailkatu dira inolako arazorik gabe.

Santurtzik egin du erlojupeko denborarik onena (20:23,68), eta Orio izan da eskualdeko ordezkarien artean Kontxako bi igandeetarako sailkatu den bakarra. Bosgarrena izan da, Santurtzirengandik 20 segundora; izan ere, itsaso zakarren eraginez, arazoa izan dute ziaboga txukun hartzeko eta ontzia joan zaie.

Ezustea, nolabait esateko, Galiziako taldeek eman zuten. Eusko Label Ligan beheko postuetan ibili izan dira Ares eta Cabo, baina gaurkoan estropada serioa jokatu dute eta barruan sartu dira. Zuzenean sailkatuta dagoen Donostiarra etxeko taldearekin batera, ondorengo zazpi ontziak ariko dira Kontxako Bandera eskuratzeko lehian: Santurtzi, Hondarribia, Zierbena, Cabo, Orio, Urdaibai eta Ares; hurrenkera horretan sailkatuta.

Igandeko txanden zozketa ere egin dute, eta honela geratu da: Orio bigarren txandan lehiatuko da Santurtzi, Cabo eta Aresekin; lehen txandan, berriz, Hondarribia, Zierbena, Urdaibai eta Zierbena ariko dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!