Itxaropenak ezin izan du errealitate gordinarekin

Juan Luis Romatet 2021ko ira. 12a, 12:36

Hondarribia eta Santurtzi, Santurtzi eta Hondarribia izan dira aurten traineru denboraldiko dominatzaileak, eta gaur ere hala erakutsi dute Kontxako Estropadako bigarren jardunaldian. Horren aurrean ezer gutxi egin ahal izan du Oriok. 

Zaila zirudien, baina ez ezinezkoa. Oriok bazuen gaur zerbait handia egiteko itxaropena. Azken finean, lehen jardunaldian Hondarribiak ateratako zortzi segundoak errekuperatzeko modukoak ziren, printzipioz zaila bazirudien ere. Lehen txandatik bigarrenera izandako haize norabide aldaketak arraunketarako baldintzak aldatu ditu, baina itxaropenak hor jarraitzen zuen.

Eta esperantza hori izateko arrazoiak ere izan ditu Oriok estropadako lehen zatian. Bizi-bizi atera da, eta badia barruan bere txandako buruan zen. Aldeak ez ziren handiak: segundo bat Zierbenari, eta bizpahiru Santurtziri eta Hondarribiari. Puntetara heltzean, baina, egoera aldatu da: Zierbenak lehenbizi, eta ligako bi oilarrek ondoren, atzean utzi dute San Nikolas ontzia. Ziabogan denbora bera egin dute Santurtzik eta Hondarribiak (9:30). Zierbenak bi segundo gehiago behar izan ditu (9:32) eta Oriok hiru gehiago (9:33). Sorpresa, baina, lehen txandan aritutako Donostiarra ari zen ematen, ohorezko txandako bi onenek baino zortzi segundo gutxiago behar izan duelako lehen luzea egiteko (9:22). Oriok zazpigarren denbora egin du ziabogan.

Bueltakoan borroka beste bat zen: sailkapenean aurrera egitea zaila zenez, postuak ez galtzea. Ez du, baina, hori lortu. Seigarren postuan sailkatu da San Nikolas gaur, eta bi egunetako denborak batuta, postu bat galdu du: gaur hirugarren postu bikain bat lortu duen Donostiarra sailkatu da laugarren postuan, eta Orio bosgarrenera jaitsi da. Bandera Santurtzik eraman du, Hondarribiarekin izandako borroka zirraragarri baten ondoren. 

Sailkapenak (bi egunetako denborak batuta)

1. Santurtzi: 38:19.09

2. Hondarribia:  38:19.57

3. Zierbena: 38:31.41

4. Donostiarra: 38.31.96

5. Orio: 38:42.39

6. Urdaibai: 38:50.36

7. Cabo da Cruz:  39:06.14

8. Ares: 39:46.14

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!