Udalak esker oneko hitzak izan ditu Gure Zirkuarentzat

Karkara 2021ko ira. 15a, 10:20

Lehengo asteburuan, udako azken funtzioa eman zuen Gure Zirkuak Orion. Hirugarren urtez jarraian, bi hilabete egin dituzte herrian.

Azpialdean irakur daiteke udalak plazaratutako testua osorik:

GURE bihotzeko ZIRKUA

Ez da edozein zirkua. Ezta bere atzean dagoen taldea ere. Eta, horregatik, penaz esan diogu “gero arte”. Izan ere, Gure Zirkuak bere izenak berak adierazten duena lortu du: gurea sentitzea. Oriotarren zirkua bihurtu da. Gure bihotzeko zirkua.

Joan den larunbateko azken emanaldiaren ondoren, Iker Galartza eta bere taldea karpa jasotzen hasi ziren; uda osoan euskaldun eta euskaltzaleen elkargune izandakoa. Oriotik ez ezik, herri, eskualde eta Euskal Herriko txoko guztietatik etorri diren ikusleak ere izan ditu Gure Zirkuak. Hau da, gaur egun euskal kulturaren transmisio-puntua ere bilakatu dela esan dezakegu eta, era berean, bultzatu nahi dugun turismo-ereduarekin bat egin duela.

Hamarnaka saio, bi hilabetez eta milaka ikusle. Zifra horiek utzi dizkigu Gure Zirkuak. Baina garrantzitsuenak, aldiz, haur, gazte, eta helduen artean sortarazitako milaka irribarre eta algarak izan dira. Izan ere, Gure Zirkua guztiona eta guztiontzat izateko sortu da, eta hiru urtez jarraian gure herriari bisita egin ondoren, udako ezinbesteko plana bihurtu da oriotarrentzat.

Eta horrela izaten jarraitzea espero dugu. Gure Zirkuak gure artean etorkizunean ere jarrai dezala eta elkarrekin euskararen alde hazten eta harremanak estutzen jarrai dezagula.

Gero arte, lagunak! Bidaia ona izan!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!