Astelehenean zerbitzu juridikoa jarriko du martxan Ahalduntze Eskolak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 23a, 18:30

Urte amaierara bitartean, lau egunetan eskainiko dute aholkularitza juridikoa Orioko emakumeen* Ahalduntze Eskolan. Aurrez eskatu behar da hitzordua.

Bigarren ikasturteari ekin dio dagoeneko Orioko emakumeen* Ahalduntze Eskolak. Zenbait ikastaro eta saio izango dira abendura bitartean, eta berriz egongo dira martxan aholkularitza zerbitzuak ere. Indarkeria matxista jasan duten emakumeei zuzendutako bidelaguntza eta aholkularitzaz gain, zenbait auzi juridikoren inguruko aholkularitza eskaintzen du Ahalduntze Eskolak.

Garazi Pagola eta Macarena Mujika aritzen dira aholkulari lanetan. Beharra dutenek askotariko gaien inguruan egin ditzakete kontsultak; hala nola, "dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, mantenu pentsioen ordainketa ezak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, etxeko langile zein gainontzeko langile emakumezkoen kaleratzea, diskriminazioa, eskubideei buruzko informazioa, laguntza sozialak eta bestelako laguntzak".

Ahalduntze Eskolako bulegora (kultur etxean dago kokatuta) jo behar da kontsultak egiteko, eta horretarako lau egun izango dira urte bukaerara bitartean: irailaren 27a, urriaren 25a, azaroaren 29a eta abenduaren 13a. Egun horietan, hiru orduz egongo dira bulegoan Pagola eta Mujika; hain justu, 16:00etatik 19:00etara.

Beharrezkoa da hitzordua aurrez eskatzea, bulegora bertaratuta, 623 178 553 telefono zenbakira deituta edo ahalduntzeeskola@orio.eus helbidera mezu bat bidalita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!