Txakur Gorria Kolektiboak 'Lau eskutara' ikastaroa eskainiko du azaroan

Mireia Galarza Bastida 2021ko urr. 20a, 17:11

Sormena lantzeko, lau heldulekutatik abiatuta garatuko dute ikastaroa, hau da, hitzei, irudiei, gauza txikiei eta kolektibotasunari tiraka arituko dira parte hartzaileak.

Urola Kostako Udal Elkarteko euskara zerbitzuak eta bost herrietako udalek elkarlanean, sormen literatura tailerra eskainiko dute azaroan. "Euskaraz sortzeko eta idazteko interesa" duten herritar guztiei bideratutako ekimena da. 12 orduko ikastaroa izango da, hiruna orduko lau saiotan banatuta.

Txakur Gorria Kolektiboak Lau eskutara ikastaroa eskainiko lau larunbatetan. Azaroaren 6an, 13an, 20an eta 27an izango dira aurrez aurreko saioak, Orioko Salatxo aretoan, goizez, 10:00etatik 13:00etara.

Ideia huts batetik abiatuta, proiektu bat gauzatzera arteko prozesua modu kolektiboan elkarrekin egiten duten lau emakumek osatzen dute Txakur Gorria, eta jarduteko modu hori ardatz hartuta landuko dute ikastaroa. Sormena lantzeko, lau heldulekuetatik abiatuta garatuko da ikastaroa, hau da, hitzei, irudiei, gauza txikiei eta kolektibotasunari tiraka arituko dira parte hartzaileak.

Zabalik da ikastaroan parte hartzeko izen ematea, urriaren 29ra arte. Plaza kopurua mugatua izango da eta izen emate hurrenkera errespetatuko da eskabideak onartzeko. Izena emateko 943-89 08 08 telefonora deitu edo jorella@urolakosta.eus nahiz harrera@urolakosta.eus helbidera idatzi beharko dute interesa dutenek.