Astelehen arratsaldean aholkularitza juridikoa eskainiko dute Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolan

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 23a, 13:00
Orioko Kultur Etxeko lehen solairuan dago Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskola.

Garazi Pagola eta Macarena Mujika abokatuak hilean behin etortzen dira Oriora emakumeei aholkularitza juridikoa ematera. Ahalduntze eskolak Kultur Etxean duen bulegoan ematen dute zerbitzua, 16:00etatik 19:00etara. Beharrezkoa da aurrez hitzordua hartzea bulegora bertaratuta, 623 178 553 telefono zenbakira deituta edo ahalduntzeeskola@orio.eus helbidera mezu bat bidalita.

Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak urtearen hasieran ekin zion aholkularitza juridikoa eskaintzeari. Garazi Pagola eta Macarena Mujika abokatuak arduratzen dira zerbitzu hori emateaz, eta hilean behin etortzen dira Oriora, ahalduntze eskolak Kultur Etxean duen bulegora. Hil honetako saioa astelehenean egingo dute, 16:00etatik 19:00etara. Haiekin egon ahal izateko, beharrezkoa da aurrez hitzordua hartzea, hiru modu hauetakoren bat erabilita: bulegora bertaratuta, 623 178 553 telefono zenbakira deituta edo ahalduntzeeskola@orio.eus helbidera mezu bat bidalita.  

Lege kontuetan adituak dira Pagola eta Mujika, eta emakumeei lege arloko edozein zalantza argitzeko eta aholku emateko gaitasuna dute: dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, laguntza sozialak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, diskriminazioa, etxeko langileen kaleratzea eta abar.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!