Xabier Lizaso: "Tresna ikaragarria izan daiteke musika; eskura dugulako edo, ez gara haren potentzialaz jabetzen"

Iñigo Gaiton 2021ko abe. 17a, 11:00
Ikerketaren emaitzak aurkezteko, asteartean Arraunetxen egin zuten agerraldia. (Imanol Amas/Do Re Ni)

Musikoterapiak "buru osasunari eta zahartzaro aktiboari begira" eskaintzen dituen aukerei azpimarra egin diete. Gaiari lotutako mintegia antolatu dute larunbaterako.

Do Re Ni ikerketa zientifikoaren emaitzak plazaratzeko helburuarekin, jendaurreko agerraldia egin zuten asteartean egitasmoaren sustatzaileek. Arraunetxen izan zen ekitaldian, parte hartu zuten Xabier Lizaso musikari eta ikertzaileak, Jose Manuel Lopez Bragado adin txikikoen eta nerabeen buru osasunaren Osakidetzako arduradunak, Jose Antonio De La Rica Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Zuzendari Soziosanitarioak eta Anuska Esnal Orioko alkateak.

Iaz gauzatu zuten Do Re Ni ikerketa, helburu argi batekin: musikoterapiak 60 urtetik gorako pertsonen bizi kalitatea, egoera mentala eta egoera kognitiboa hobetzeko eskaini ditzakeen aukerak aztertu nahi zituzten. Horretarako, bi taldetan banatu zituzten 85 boluntarioak. Metodo zientifikoetan oinarritutako galdetegien bidez (Goldber-en Antsietate eta Depresio Galdetegia, Folstein-en Minimental Self Examination, besteak beste), boluntarioen egoera psikologikoa neurtu zuten.

Ondoren, talde batek bizitza normala egiten jarraitu zuen, eta besteak, bost astez, musikal baten prestaketetan jardun zuen buru-belarri. 25 entsegu egin zituen taldeak, eta saio horietan dantza, kantua eta antzerkia uztartu zituzten. Amaitzeko, kiroldegian ikuskizuna eskaini zuten herritarren aurrean.

Ikerketa amaitzeko neurketak egin zituzten gero, talde batekoen —musikoterapia egin zutenen— eta bestekoen —bizitza normalarekin jarraitu zutenen— artean, egoera mentalak izandako eboluzioa alderatzeko.

Nahi baino laburragoa

Xabier Lizaso pianojole eta ikertzaileak egin zuen lehen hitzartzea astearteko aurkezpenean. Bera izan da egitasmoaren arduradun eta sustatzaile nagusia. Haren hitzetan, "zoragarria" izan zen esperientzia, eta eskerrak eman zizkien ikerketa babestu duten erakundeei eta enpresei. Aitortu zuenez, ikerketa egiteko denbora tarte gutxi zutela jakin zuten hasieratik. "Neurologoek diotenaren arabera, gutxienez bost edo sei urteko estimulazioa beharko litzateke garunean aldaketak antzeman ahal izateko, eta, guk, sei hilabeterako aukera genuen bakarrik. Gero, gainera, osasun krisiak harrapatu gintuen, eta dena eten zen. Azkenean, bost asteko estimulazio fasea egin zuten boluntarioek", zehaztu du.

Estimulazio fasea hain laburra izanik, ez zuten espero ikerketaren emaitzetan datu esanguratsuak topatzea. "Emaitzetan, zenbakietan, ez zen ezer handirik azaldu, baina zerbait bai. Musikoterapia bost astez bakarrik aplikatu zela kontuan izanik, balio handia du hobekuntza txiki horiek agertu izanak", azaldu du.

Lizasoren iritziz, musika uste dena baino askoz ere tresna indartsuagoa da, eta asko dago ikertzeko: "Tresna ikaragarria da musika. Agian, oso eskura dugulako edo, ez gara haren potentzialaz jabetzen".

Bizi-kalitatea hobera

Bragadok hitz egin zuen Lizasoren ondotik. Haren hitzetan, ikerketaren emaitzetan argi ikusi dute musikoterapiak adinekoen "bizi kalitatea hobetzen" lagun dezakeela. "Une zailen bat pasatzen ari zirenengan izan du eragin handiena Do Re Ni metodoak. Ondorioa da eguneroko bizitzan arazo psikologikoak dituztenei laguntzeko tresna oso baliagarria dela musikoterapia", eman zuen jakitera Bragadok.

Jose Antonio De la Ricak azpimarra egin zion adinekoak ahalduntzearen garrantziari: "Do Re Ni bezalako egitasmoek lagundu dezakete zahartzaro hobe bat izaten. Metodoak esperientzia harmoniko eta estetikoa eskaintzen die parte hartzaileei, baina terapeutikoa ere bada. Baliabide potentea izan daiteke, zahartzaro aktiboari begira".

Mintegia larunbat honetan

Larunbat honetarako, musika, zientzia eta osasuna ardatz izango dituen mintegia antolatu dute Do Re Ni egitasmoaren baitan. Lau adituren hitzaldiak entzuteko aukera izango da, 11:00etatik aurrera, Arraunetxen.­

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!