Piano doinuek goxatu dute ostiral arratsaldea

Aitziber Arzallus 2022ko ots. 19a, 12:30

Joan den asteburuan Andoaingo Piano Jaialdian parte hartu zuten Danbolin musika eskolako hamabost piano ikaslek, eta atzo arratsaldean herritarren aurrean jo zituzten harako prestatutako lanak. Kultur etxean egin zuten emanaldian, bi txandatan banatuta, eta bietan ia goraino bete zuten areto nagusia.   

Orioko piano jole gazteak emanaldiz emanaldi dabiltza azken asteotan. Joan den asteburuan Danbolin musika eskolako hamabost piano ikaslek parte hartu zuten Andoaingo XVII. Piano Jaialdian, eta atzo arratsaldean, Orioko kultur etxean egin zuten erakustaldia. Hamabost musikari izaki, bitan banatu zuten saioa: aurrena, 17:30ean hasita, gazteenak aritu ziren; eta ondoren, 18:30ean hasita, nagusiagoak. Andoainen jotako piezak jo zituzten herritarren aurrean ere, eta kultur etxeko areto nagusia ia goraino bete zuten bi saioetan. 

Aipatzekoa da Andoaingo jaialdian oso lan txukuna egin zutela Orioko gazteek, eta urrezko zein zilarrezko domina ugari ekarri zituztela etxera. Urrezko domina eskuratu zuten Ane Blazquezek, Irati Txintxurretak, Iñaki Dalyk, Elene Etxabek, Oier Iruretagoienak, Julen Lekuonak, Ander Paredesek, Nora Ruizek eta Jon Salsamendik; eta zilarrezkoa, Itxaso Aierbek, Julen Txintxurretak, Arene Garmendiak, Arrate Igartuak, Paul Sarasuak eta Ganix Sukiak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!