Musikagintzan urte luzez egindako lanaren aitortza jaso du Martin Peronak

Aitziber Arzallus 2022ko mai. 15a, 16:38

Andoaingo Gora Kaletxiki bandak Martin Perona musikari oriotarrari eskainitako saio berezia egin du gaur eguerdian plazan. Peronak urte asko daramatza banda horretako kide izaten, eta orain artean egin duen lana aitortzeko eta eskertzeko, omenaldia egin diote herri guztiaren aurrean. Danbolin musika eskolako eta Orioko Udaleko kideek ere parte hartu dute ekitaldian.

Martin Perona musikari eta eskulanetan adituak omenaldi beroa jaso du gaur eguerdian, bera kide den Andoaingo Gora Kaletxiki bandaren ekimenez. Hitzordua 12:00etarako jarri zuten arren, musikariak eta ikus-entzuleak presarik gabe joan dira plazara bertaratzen, eta baziren 12:30ak emanaldiari ekin diotenerako.

Denera hamar kanta jotzeko intentzioarekin taularatu dira andoaindarrak: horietatik bederatzi, Euskal Herriko zein Orioko kanta ezagunen bertsioak; eta hamargarrena, Peronaren omenez Joxemari Oiartzabalek eta Joxe Ramon Berrondok sortu duten Martin Perona abestia. Kanta gehienak Gora Kaletxikiko kideek jo dituzten arren, kantaren batean edo bestean izan dute Danbolin musika eskolakoen laguntzarik, eta beste abesti batean musikarietako bat txuriz jantzita irten da plazara, dantza egitera.

Hona hemen gaurko emanaldian jo dituzten kantuen zerrenda: Andoain, Lau teilatu, Behin batian Loiolan, Eperra, Xalbadorren heriotzean, Orioko San Nikolasen ereserkia, Orioko futbol taldearena, Aliron, Egunsentia eta Martin Perona.

Denak bukatutakoan, Anuska Esnal Orioko alkateak udalaren partetik lore sorta bat oparitu dio Peronari, eta Gora Kaletxiki bandakoek Peronaren beraren argazki batetik abiatuta egindako koadro bat eman diote eguneko protagonistari. Musikari oriotarra oso hunkituta azaldu da, eta eskerrak eman dizkie Gora Kaletxiki bandakoei, Danbolin musika eskolakoei, udalari eta herritarrei.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!