Martin Lizaso hil da bart gauean

Aiora Larrañaga Solaberrieta - Iñigo Gaiton 2022ko mai. 31a, 17:45
Herriko otxote jendetsua, zuzendari Martin Lizaso zutela. (Iñaki Iturainen artxiboko irudia)

86 urterekin hil da Martin Lizaso organo-jole eta zuzendaria. Haurra zela Santiago Azurzaren eskutik sartu zen musika munduan, eta urte luzez, ekarpen handia egin dio herriari musikaren alorrean. Azken unera arte eutsi dio musikarekiko pasioari, eta hilabete ez da pasatu elizan azkenengoz organoa jo zuenetik. 

Maria Jesus Elortza (elizako koruko zuzendaria): "Martinek animatu ninduen elizako koruko zuzendari izatera, konfiantza handia eman zidan"

"Martin nire bizitzako parte handi bat izan da. Duela 20 urtetik gora, elizako korua sortu genuenean, zuzendaria izateko behar nuen bultzada eman zidan. Orduan ez nuen ezagutza handiegirik musika kontuen inguruan, eta Martinek gauza garrantzitsu bat ikusten lagundu zidan: ni baino musika gutxiago zekitenei erakusteko gai izan nintekeela. Helburu horrekin ekin nion korua zuzentzeari, berak emandako konfiantzari esker. Horregatik guztiagatik, kolpea izan da bere heriotzaren berri izatea. Denok hilko garela gauza jakina da, eta heriotza bada onartua dudan zerbait. Hala ere, ikusten duzunean zure ingurukoak joaten ari direla, sentitzen duzu ahuldade moduko bat, eta sentsazio hori laga dit Martinen heriotzak".

Benito Lertxundi (musikaria): "Musikaria izateko hiru erabaki garrantzitsu hartu ditut nire bizitzan zehar eta Martin Lizaso izan zen nolabait horiek hartzera bultzatu ninduena"
"Martin Lizaso nire bizitzako aingeru laguntzailea izan dela kontsideratzen dut. Gaur egun naizen musikaria izateko hiru erabaki garrantzitsu hartu ditut nire bizitzan zehar eta Martin Lizaso izan zen nolabait horiek hartzera bultzatu ninduena. Musikarekiko nire lehen erreferentea izan zen haurra nintzenean; erlojugintzan sartu nintzen bere inguruan egoteagatik; berak jarri zidan lehen aldiz musika-tresna bat esku artean eta horrek eman zidan musikagintzan lehen urratsak egiteko bidea, eta azkenik, berak iradoki zidan erlojugintza uztea, musikan zentratu ahal izateko, eta nik obeditu egin nion". (KARKARA.eus-ek bihar plazaratuko ditu Benito Lertxundik Martin Lizasoren inguruan emandako azalpen guztiak)

Joxe Mari Gozategi (Orioko parrokiako sakristaua): "Hilabete ez da elizan azken aldiz organoa jo zuenetik, musikarekiko pasioari eutsi dio azken unera arte"

"60 urte daramatzat parrokian, eta betidanik izan dut harremana berarekin. Gazte hasi zen organoa jotzen eta geroago, koruak zuzentzen. Adinarekin baretzen joan zitzaion jenio bizia zuen gaztetan. Duela urte batzuk, Don Andres hil aurretik, elizako korua martxan jarri nahi zuten berriro, eta bere ekarpena handia izan zen, beste zenbaitetan bezala. Maria Jesus Elortzak hartu zuen zuzendari izatearen ardura, eta Martinek organoa jotzearena. Hala, hilabete ez da mezetan azken aldiz jo zuenetik. Gustura zegoen azken aldian, bi organista gazte sortu direlako herrian, poza ematen zion. Elizako organo berria jarri zutenean ere kontentu zen, asko gozatu du azken urteotan. Musikarekiko pasioari eutsi dio azken unera arte".

Martin Perona (musikaria): "Gizon inportantea izan da Orioko kulturgintzan"

"Ekarpen handia egin dio Martin Lizasok Orioko musikagintzari. Hamarkadetan zehar izan zen elizako organo-jotzailea eta abesbatza ere zuzendu zuen. Txikitatik murgildu zen musika munduan Don Santiago Azurzaren eskutik, Patxi Danbolin eta beste hainbat mutil-koskorrekin batera, eta bere kabuz musikagintza trebatuz joan zen gero. Gizon inportantea izan da Orioko kulturgintzan".

Iñaki Iturain (euskalzale eta kulturgilea): "Musikari apartaz gain, esku-lanetan ere oso iaioa izan da Lizaso"

"Gaur goizean, kalean, Martin Lizasoren eskelari begira nengoela, lagun bat topatu dut. Berehala hasi zait hizketan Martinen gainean, eskumuturrean zeukan erlojua erakutsiz: Ikusten al duk erloju hau, 60 urte dizkik, Martini erosi nioan, kriston erlojua duk, bera bezala, kristona. Martin eminentzia bat izan duk Orion. Berak jarri zian lehenengo erloju-denda herri honetan, eta berak konpontzen sitian, zerbait zeukatenean. Geroztik, belaunaldi guztietako jendeak han eskuratu ditik maiteari oparirik onena egin nahi zionean, erlojua edo harri-bitxiak. Aitzindari bat izan duk Lizaso!

Martin Lizasok musikagintzan egin dio noski ekarpenik onena gure herriari, otxotean kantari eta zuzendari, eta organoa jotzen elizako elizkizunetan; baina, hara, Martinentzako azken hitzak idatzi behar ditugun honetan, ondo etorri da nire lagunak, kalean, eskumuturreko erlojua erakutsiz esan didana, Lizasoren erloju-dendaren aitzindaritzaz eta eskuetan zeukan iaiotasunaz. Bejondeiola!".

Anuska Esnal (Orioko alkatea): "Musikaren transmisioan orduak eta orduak egin ditu, bere ezagutza musu-truk zabalduz"

"Martinek asko eman dio herriari, zalantzarik gabe. Oso eskuzabala izan da, musikaren transmisioan orduak eta orduak emanez, bere ezagutza musu-truk zabalduz osasunak utzi dion arte. Denok izango ditugu betiko gogoan bere doinuak eta behatz leunak. Bizitzan zehar bidelagun izan zuen Itziar ere gogoan izango dugu beti, hura ere ezinbestekoa izan baitzen Martinek herriari eman diona eman ahal izateko".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!