Benito Lertxundi: "Umetan koruaren azpian ezkutuan egoten nintzen Lizaso organoa jotzen entzuten"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko eka. 1a, 15:47

Orioko elizako organoa. (Maialen Sarasua)

Martin Lizaso organo-jotzailea hil zen atzo, Orion musika arloan lan asko egindako gizona. Benito Lertxundik, esaterako, aitortu du gaur egun den musikaria izateko hiru erabaki garrantzitsu hartu dituela bizitzan zehar, eta Lizaso izan zela horiek hartzera bultzatu zuena.

Atzo hil zen Martin Lizaso organo-jotzaile eta zuzendari oriotarra, 86 urterekin. Haurra zela Santiago Azurzaren eskutik sartu zen musika munduan, eta urte luzez, ekarpen handia egin dio herriari musikaren alorrean. Azken unera arte eutsi dio musikarekiko pasioari, eta hilabete ez da pasatu elizan azkenengoz organoa jo zuenetik.

Abesbatzako zuzendaria zen garaian, oriotar asko jardun ziren haren gidaritzapean kantuan, baina horietako batean ikaragarrizko aztarna utzi zuen Lizasok, Benito Lertxundi kanta-autore eta musikariarengan, hain zuzen ere. Hala, "merezi duen aitortza" egin nahi izan dio Lertxundik bere mentoreari. Izan ere, Lizaso bere bizitzako "aingeru laguntzailea" izan dela kontsideratzen du. 

Oso umea zenean ezagutu zuen Lertxundik Lizaso, eta erreferentea bilakatu zen berarentzat. "Mutikoa nintzenean kofradian hartzen genituen eskolak, eta etxean bazkaldu ondoren, Goiko Kaleko haurrak zimitorio handian biltzen ginen jolasteko". Garai hartan, ordea, isilpean zeraman Lertxundik musikarekiko zaletasuna. "Mutilok borrokan, futbolean eta pilotan aritzen ginen, baina musika sentsibilitaearekin eta emetasunarekin erlazionatzen zen gure inguruan. Dena dela, banekien Lizaso eguerdietan, bazkaldu ondoren, Zakilaneko Aldapatik gora etortzen zela, elizan organoa jotzera. Musika entzutea jolastea baino nahiago nuela esateak lotsa ematen zidanez, eroarena egiten nuen lagunen aurrean, eta disimuluan elizara sartzen nintzen, Lizaso organoa jotzen entzutera".

Lertxundirentzat une berezia izaten zen hori. Koruaren azpian jartzen zen, baina horretarako elizan bakar-bakarrik egotea gustatzen zitzaion. "Norbait bazegoen ez nintzen sartzen, eta konfesatokiak-eta denak begiratzen nituen, barruan apaizen bat ba ote zegoen jakiteko. Hantxe egoten nintzen 14:00ak jo arte, eta orduan korrika eskolara joaten nintzen", kontatu du musikari oriotarrak.

Erloju-konpontzailea

Nerabezaroan ere bizirik jarraitu zuen Lizasorenganako miresmenak, eta Lizasok zuzentzen zituen abesbatzan eta kuadrilletan parte hartu zuen Lertxundi gazteak. "Martinek oso karisma berezia zuen eta gustatzen zitzaidan haren inguruan ibiltzea. Hemezortzi urte inguru nituenean, konturatu nintzen hark bigarren erlojutegia zabaldu zuela Zarautzen, eta joan-etorrian ibiltzen zela. Hala, erloju-konpontzaile hastea pentsatu nuen, harengandik hurbil egoteko. Proposamena egin nion, eta pozik hartu zuen berria".

Egunero, zortzi-bederatzi hilabetez, Lizasok Zarautzen zuen erlojutegira joaten ziren biak Vespa batean, eta ofizioa ikasi zuen Lertxundik harekin. Gero, Orioko erlojutegiaren ardura hartzeko eskatu zion Lizasok Lertxundiri.

Lertxundi erlojuak konpontzen ari zen egun batean, Lizasok laute bat jaitsi zion etxetik, eta esan zion: "Ea zer egiten duan honekin". Lertxundirentzat berria zen hura, abesbatzan kantatzen bazuen ere, ordura arte ez zuelako sekula musika-tresnarik hartu. "Neure kabuz afinazioak asmatu nituen, eta nire modura, gustatzen zitzaizkidan kantuak moldatzen hasi nintzen. Gustatu egin zitzaidan, eta egun batean pentsatu nuen gitarra bat eta instrumentua jotzen ikasteko metodo bat erosi behar nituela. Zarautzera joan nintzen Keller etxera, eta gitarra elektrikoa, anplifikadorea eta mikrofonoa erosi nituen". Horiek denak erlojutegian plantatu zituen Lertxundi gazteak eta buru-belarri murgildu zen horretan, gainontzeko lanak alde batera utziz. "16:00etan ireki behar izaten nuen erlojutegia eta 17:30ean zabaltzen nuen. Bitartean bezeroak zain izaten nituen kanpoan marmarrean, gitarra jotzen entzuten baininduten barruan. Zirku horren berri bazekien Martinek, baina ez zidan ezer esaten".

Beharrezko bultzada

Egun batean, Santa Zezilia egunez, ohiturari jarraituz afaria egin zuten koruko kideek, eta tartean ziren Lizaso eta Lertxundi ere. "Afalostean gitarra ekartzeko eskatu zidaten lagunek, eta kantari ibili ginen goizeko ordu txikiak arte". Hurrengo egunean, erlojutegira joan zen Lizaso, eta halaxe esan zion Lertxundiri: "'Atzo ikaragarri gustatu zitzaidaan hire jarduna; asko hobetu duk. Hi banintz, horretara bakarrik dedikatuko nindukek’. Segituan ulertu nion esan nahi zuena, eta nire gauzak hartu eta hark esan bezala, musikagintzan zentratu nintzen, egun arte".

Erlazionatuak

Martin Lizaso hil da bart gauean

Aiora Larrañaga Solaberrieta - Iñigo Gaiton 2022 mai 31 Orio