Europako Next Generation funtsak bideratuko dituzte Muntoko alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzera

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 9a, 15:43
Munto eremua.

Eusko Jaurlaritzak Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hirigintza Agendako Ministerioarekin sinatu du Europako Next Generation funtsetatik 18,5 milioi bideratzea alokairu sozialeko hainbat proiektutarako, eta tartean da Oriokoa. 

Duela urtebete baino gehiago iragarri zuen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Orioko Munto eremuan alokairu sozialera bideratutako 46 etxebizitza eraikitzeko asmoa. Erakundeak proiektu horretara 6 milioi euro bideratuko zituela iragarri zuen.

Gaur sinatu du Eusko Jaurlaritzak Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hirigintza Agendako Ministerioarekin alokairu sozialeko etxebizitza horietara (beste hainbaten artean) bideratzea Europako Next Generation funtsetatik jasotako 18,5 milioi euro. Beraz, Europako funtsetatik eratorritako diruarekin finantzatuko ditu Munto eremuko alokairu sozialeko etxebizitzak Jaurlaritzak. 

Duela urtebete Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak iragarritakoaren arabera, eraikina 2023an eraikitzen hasteko asmoa daukate, eta 2026rako prest egotea aurreikusten dute. 

Errekuperazio, Transformazio eta Erresilientzia Planean dago txertatuta alokairu sozialen sustapen hau. Laguntza horren bidez, energia aldetik efizienteak diren eraikinetako alokairu sozialen eskaintza hedatzea da asmoa. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!