Laugarren izan da Orio Orialki ikaragarrizko lehia egon den Zarauzko Banderan

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 21a, 14:22
Zarauzko udaletxe aurrean jarri duten pantailari begira hainbat arraunzale. (Aritz Mutiozabal)

Hondarribia eta Urdaibai pare-parean helmugaratu dira gaurko Eusko Label ligako estropadan: aurrenekoarentzat izan da garaipena, baina bigarrenarentzat bandera. Ander Etxegoien Orioko patroiak jantzi du beste behin patroi onenaren elastikoa.

Ikuskizun galanta eskaini dute beste behin Eusko Label ligako traineruek. Atzo baino itsaso bareagoarekin atera dira arraunlariak Zarauzko Banderaren bila, eta ohorezko txandakoak izan dira bizkorrenak gaurkoan ere. Oso paretsu abiatu dira laurak –Orio Orialki, Donostiarra, Urdaibai eta Hondarribi–, baina estropadak aurrera egin ahala Orio atzean geldituz joan da, eta asko sufrituta, laugarren egin du bai gaurko estropadan, bai atzoko eta gaurko jardunaldiak kontuan hartuta ere.

Azken luzean sekulako lehia egon da beste hiruren artean. Urdaibaik azken metroetan ikaragarrizko lana egin du, eta Hondarribiarekin pare-parean helmugaratu da. Bi ehunenekorengatik irabazi dute gipuzkoarren estropada; ez, ordea, bandera. Hori Bizkairantz joan da, atzoko estropadako denborak kontuan hartuta.

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroi zarauztarra pozarren zen estropadaren amaieran bandera eskuratzearren. "Ez ditugu hamabi puntuak eskuratu, baina ez nukeen banderagatik aldatuko", esan du ETB1eko kameren aurrean.

Ligaren irabazlea Galizian jakingo da, denboraldiko azken norgehiagoketan. Izan ere, hiru puntuko aldea besterik ez dago bi traineru horien artean.

Patroirik onena

Bestalde, Ander Etxegoien Orioko patroiak tinko jarraitzen du patroirik onenaren sailkapeneko lehen postuan, 126 punturekin. Gaur ere jantzi du merezitako elastikoa estropadaren amaieran.

Unax Eizagirre Getariako patroia da bigarren sailkapenean 104 punturekin, eta Gorka Aranberri Urdaibaikoa, hirugarren, 94 punturekin.

Gaurko sailkapena:

Bi jardunaldietako sailkapena:

Sailkapen nagusia:

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!