Orio Orialkik ia azkenera arte eutsi dio hirugarren postuari Boiroko estropadan

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 28a, 14:11
Oriotarrak, joan den asteburuan, Zarauzko Estropada jokatzen. (Arnaitz Rubio Aprea)

Behe lainoa dela eta hiru ordu laurdeneko atzerapenarekin hasi da Eusko Label ligako gaurko jardunaldia. Oriok aldaketa asko egin ditu traineruan, mutil gazteei jokatzeko aukera emanez, eta esku-eskura izan dute hirugarren tokia. Azken metroetan Donostiarrak hartu die aurre. Gaurkoan Hondarribiak irabazi du estropada, errenta handiarekin.

Behe lainoa Boiroko estropada eragoztekotan egon da, baina azkenean, hiru ordu laurdeneko atzerapenarekin, abiatu da Eusko Label ligako asteburuko bigarren jardunaldia. Itsasoko baldintza onekin egin dute arraun, gainera.

Ohorezko txandan, laugarren kaletik egin du arraunean Orio Orialkik, eta beste behin, estropadaren lehen luzean Urdaibai eta Hondarribia jarri dira aurretik. Estropadak aurrera egin ahala, Hondarribiak bederatzi-hamar segundoko aldea atera dio Urdaibairi, eta 23 eta 27 segundoko aldea Orio eta Donostiarrari.

Orio aldaketekin atera da, Orio B taldeko gazteei aukera emanda, Jon Salsamendi entrenatzaileak KARKARAri aurreratu bezala. Eta, hala ere, hirugarren tokia ondo babestu du ia estropada osoan, eta azken minutuetan tartea zabaldu du Donostiarrarekiko. Gero, azken metroetan, asko gerturatu da Donostiarra, eta azkenean, aurre hartu dio.

Laugarren egin du, beraz, Oriok. Estropada Hondarribiak irabazi du, errenta handiarekin –11 segundoko aldea Urdaibairi–.

Estropada, bertan behera gelditzear

Goizean susto ederra pasatu dute klubek nahiz Boirora (Galizia) bertaratutako zaleek, izugarrizko behe lainoa agertu baita estropada jokatzeko eremu osoan, eta antolatzaileak jardunaldia bertan behera uztekotan egon dira, "arraunlarien segurtasuna bermatzeko".

Gainera, argi esan dute estropada ez zela atzeratuko arratsaldera, horrek eragingo lukeelako euskal taldeak goizaldean iristea etxera, eta are denbora gutxiago edukitzea asteazkeneko Kontxako sailkapen estropadarako errekuperatzeko.

Ordu erdiz itxoitea erabaki dute, eta zorionez, hobera egin du eguraldiak, eta buiak ikusteko moduan zirenez, estropada jokatzea erabaki dute azkenean.

Gaurko sailkapena

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!