Joanito Orella zendu da, herrian hainbat proiektu solidario abiatu zituen gizona

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko urr. 19a, 12:08
Joanito Orella, 2018an Greziara materiala eramateko furgonetarekin. (Aiora Larrañaga)

Goizaldean hil da, 70 urte zituela. Hainbat elkartasun proiektutan ibilia, ez zuen zalantzarik izaten materialez betetako furgoneta milaka kilometro gidatu behar zuenean, horrela laguntza zuzenean beharra zutenei iritsiko bazitzaien. Hura gertutik ezagutu zuten Unai Manterola apaizarekin eta Ainara Peña irakaslearekin hitz egin du KARKARAk.

Joanito Orella zendu da goizaldean, 70 urte zituela. Oso pertsona ezaguna zen herrian, eta hainbat proiektu solidario martxan jarri zituen, behar gehiena zutenei laguntzeko asmoz: Greziako Lesbos eta Chios uharteetan nahiz Serbian zeuden errefexiatuei eta Senegalgo haurrei, besteak beste. Horrez gain, herriko Caritasen ere boluntario lanak egiten zituen, beharra zuten familiei laguntzeko. Unai Manterola herriko apaizak nabarmendu duenez, "oso-oso langilea" zen. "Beti zegoen edozertan laguntzeko prest. Hilero, parrokiako Caritasek antolatzen dituen janari banaketan parte hartzen zuen, baina horrez gain, elizako beste hainbat lanetan esku bat botatzeko prest zegoen beti: Gabonetako Jaiotza jartzen nahiz kanpandorreko eskailerak garbitzen".  

Semeak animatuta hasi zen boluntario lanetan Orella, haserretu egiten zelako komunikabideetan jende askok bizi zuen egoera larria eta sufrimendua ikusten zuenean. Honakoa azaldu zion Orellak berak 2017an Urola Kostako Hitzari, Serbian zeuden errefuxiatuei laguntzera joan aurretik: "Gertatzen ari dena ikusita, ezin dut besoak gurutzaturik ezer egin gabe geratu, laguntzeko beharra sentitzen dut". Bidaia hartan, 2.225 kilometro zeharkatu zituen, Euskal Herritik Belgradora, errefuxaituentzat materiala eramateko, eta beste hainbeste egin zituen bueltan. Izan ere, gertutik ezagutu nahi izan zuen laguntza eskaintzen zien horien errealitatea Orellak, eta ez zuen zalantzarik izaten materialez betetako furgonetarekin milaka kilometro gidatu behar zuenean, horrela materiala zuzenean behar gehien zutenena iritsiko bazen.

Ainara Peña irakaslea Orellarekin batera ibili izan da urteetan boluntario lanetan. "Herrian talde bat sortu genuen zailtasun egoerak bizi zituztenei laguntzeko, eta bilketa desberdinak antolatu izan ditugu. Nahi nuke Joanitok egindako lana azpimarratu. Izan ere, radar berezia zuen beharra zuten pertsonak edo kolektiboak identifikatzeko. Egonezina sortzen zitzaion egoera gordinen bat ikusten zuenean, eta martxan jartzen zen segituan. Behar ziren ate guztiak jotzen zituen laguntza lortzeko".

Orellak laguntzaile sare handia lortu zuen herrian, eta herriko merkatariekin, enpresekin eta eragileekin hartu-eman handia zuen; gainera, herritarren artean deialdiak egiteko gaitasun ikaragarria ere bazuen, eta diru eta material bilketa ugari abiatu zituen. "Gaur egun, esaterako, garajean bizikletak biltzen ari zen. Herrian zailtasunak pasatzen ari zen familiaren bat ikusten zuenean, horiei eskaintzen zien bizikleta, eta gainontzekoak Senegalera bidaltzeko asmoa zuen", kontatu du Peñak.

Auto klasikoak zaletasun
Ekimen solidarioak antolatzeaz gain, auto klasikoak ziren Orellaren zaletasun handia, eta behin baino gehiagotan antolatu izan ditu Mini topaketak herrian.

Duela zazpi urte Hitzak bideoz jaso zuen bere afizio hori, bideo honetan ikus daitekeenez.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!