SARETZEN

Carla Rivera: "Oriora iritsi eta bospasei egunera ikusi nuen elurra bizitzan lehenengo aldiz"

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 5a, 08:55

Carla Rivera, joan den astean, Orioko moilan. (Onintza Lete Arrieta)

2008an atera zen Nikaraguatik, eta ordutik Orion bizi izan da beti. Lanean eta herritarrekin "zorte handia" izan duela azpimarratu du, eta hemen ikusten duela etorkizuna, familia hemen duelako eta hemen jaio delako seme txikia: "Ez diot bere kultura kendu nahi".

Carla Rivera Castillo nikaraguarra da, baina oriotartuta dago, hamabost urte baitaramatza bertan bizitzen. Pixkanaka anaia eta gero alabak ere ekarri zituen Oriora, eta hemen izan du hirugarren umea, Jesus, orain hiru urte.

Riverak azaldu du Nikaraguatik zuzenean Oriora etorri zela, lehengusina bat zeukalako hemen. "Aurreneko bi urteak gogorrak izan ziren oso, han 6 eta 9 urteko bi alaba utzita etorri nintzelako eta ez zegoelako gaur egungo teknologiarik harremanetarako eta. Alabak han uztea izan zen zailena, depresio handia izan nuen", kontatu du.

Gainerakoan, berriz, "zortekoa" sentitzen da, hasiera-hasieratik izan duelako lana eta "jende oso ona" aurkitu duelako hemen. "Iritsi eta bost egunera aurkitu nuen lana. Aizarnazabalen egon nintzen amona bat zaintzen, eta hala jarraitu nuen urte batzuez: orduka zainketa lanak egiten edo etxeak garbitzen... Interna adineko bat zaintzen sei urtez ere aritu nintzen, eta ondoren, ostalaritzan hasi nintzen, sukaldean laguntzaile". Gaur egun ere herriko taberna bateko sukaldean dabil lanean.

Berarekin batera Oriora iritsitako herrikide gehienak beste herri batzuetara joan dira bizitzera denborarekin, baina bera beti bizi izan da Orion, eta oso gustura dago. "Asko gustatzen zait herria, lasaia da eta jende on asko dago", azpimarratu du.

Elurra ere hemen ezagutu zuela gogoratu du. "2008an etorri nintzen, Paristik iritsi nintzen, eta sekulako hotza egiten zuela oroitzen dut. Iritsi eta bospasei egunera elurra hasi zuen. Aurreneko aldiz ikusi nuen elurra, eta lana egiten nuen tokikoak mendira elurretara eraman ninduten".

Familia ere hemen

Familia hemen edukitzeak asko esan nahi du Riverarentzat, "bakardadea oso gogorra delako". Nikaraguan gelditu dira gurasoak eta senitarteko batzuk, baina gainerakoak hemen ditu, bikotea eta seme-alabak. 

"Nikaraguar asko dago hemen, baina nork bere bizitza dauka eta ez gara elkartzen", azaldu du. Gainera, esan du "orain gutxi" etorritako nikaraguarrak daudela egun Orion, "nire garaian etorritako gehientsuenak beste herri batzuetara joan baitira".

Bere jaioterriko ohiturak faltan botatzen dituela aitortu du, baina hemen hamabost urte pasatuta, Euskal Herrira egin dela azaldu du.

Gauza batzuk faltan bota arren, Riverak hemen ikusten du bere burua eta bere familiarena etorkizunean: "Semea hemen jaio da eta ez diot kenduko bere kultura. Gainera, gure herrialdea ez dago egoera onean. Alabak ere ohitu dira hemen, lanean ari dira biak, baita nire anaia ere; hemen osatu du familia hark ere". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!