SARETZEN

Gorgui eta Bineta Saar: "Alokairu arazoa du Oriok; gainerakoan, herri zoragarria da bizitzeko"

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 5a, 08:56
Gorgui eta Bineta Sarr senar-emazteak, alaba txikienarekin aurreko astean Orioko moilan. (Onintza Lete Arrieta)

Ia hamazazpi urte daramatza Orion Gorgui Sarr senegaldarrak, eta gerora etorri dira Bineta Sarr emaztea eta seme-alabak Senegaldik. Herri lasaia da eta gustura bizi dira bertan. Ostalaritza munduan egiten dute lan biek.

Senegaldik Oriorako bidea ez zen erraza izan Gorgui Sarr-entzat; pateran iritsi zen, izan ere. "Halakoa da bizitza. Zerbait hobea lortzeko egiten dugu, ez beste ezergatik", esan du. Baina ez du bidaiaz hitz egin, Orion daraman bizimoduaz baizik. Duela ia hamazazpi urte etorri zen, eta orain hiru urte lortu zuen familia hemen elkartzea, Senegaldik Bineta Sarr emaztea eta bi seme-alabak ekarrita. Hirugarren umea Orion bertan izan dute.

Sarr Afrikatik zuzenean etorri zen Oriora, hemen lehengusua zeukalako. Hasieran lana aurkitzea asko kostatu zitzaiola kontatu du. "Lau urte pasatu arte ez nuen paperik lortzerik izan, eta badakizu ez daukazula lanik paperik gabe". Baina "bizitzan borrokatu beharra" dagoela azpimarratu du. Bere herrikide asko arrantzan ibiltzen diren arren, sukaldaria da Sarr, ez du arrantzan egin inoiz. "Sukaldatzen Orion ikasi nuen, nagusi ona izan dut, asko erakutsi dit, eta oso azkar".

Bineta Sarrek azaldu du familia elkartzeko prozedura administratiboa jarraituta etorri zela senarrarengana Oriora bi seme-alabak hartuta duela hiru urte. "Iritsi eta berehala pandemia eta konfinamendua etorri ziren, justu-justu etorri ginen", kontatu du irrifartsu. Orain nekazaletxe batean lanean dihardu, Orion bertan.

Oso gustura daude herrian, baina emazteak nabarmendu du Orioko arazoa herri garesti samarra izatea dela: "Alokairuko etxeak oso garesti daude, oso zaila da alokairua aurkitzea. Atzerritarrok asko sufritzen dugu etxea aurkitzeko. Horixe da Oriok duen arazoa".

Ramadan betean daude, baina berdin-berdin ari dira lanean. "Sukaldatu egin behar, baina ezin janik probatu", esan du senarrak. "Ohituta gaude, ordea", esan du.

Egunen batean sorterrira itzultzeko ametsa

Senegalgo komunitateak hainbat elkarte ditu Euskal Herrian. "Lehen Getarian bazen elkartea, getariarrak eta oriotarrak elkartzen ziren, baina ez dakit jarraitzen duen elkarteak". Orion senegaldar asko dagoela eta "familia bat bezala" direla esan dute.

Orion ere, arkumearen festa izaten da urtero, eta bertan elkartzen dira herriko musulmanak, "baita musulmanak ez diren oriotarrak ere", nabarmendu dute. Oriotarrak "oso jatorrak" direla azpimarratu dute biek, eta eroso bizi direla herrian.

Bineta Sarrek nabarmendu du umeak "oso pozik" daudela Orion, "hemengoek oso ondo hartu dituztelako eta ondo tratatzen dituztelako".

Senegalera urtero itzultzen dira oporretan familiakoak bisitatzera, baina "momentuz" hemen jarraitzeko asmoa dute. "Hemen ari dira ikasten gure seme-alabak, eta ez da erraza hara joatea orain. Baina, egunen batean, hara itzuliko nintzateke", esan du Gorgui Sarrek. "Faltan botatzen dugu sorterria, gogorra da, baina tira, horrelakoa da bizitza", gaineratu du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!