Atzo gertatutako hilketa matxista gaitzetsi du udalak

Andrea Zipitria 2023ko mai. 17a, 11:55
Orioko Udalaren agerraldia, herrian gertatutako hilketa matxistaren aurrean. (Andrea Zipitria)

Alderdi guztiek adostutako adierazpena irakurri du Anuska Esnal alkateak, eta esan du atzo herrian jazotako erailketa matxista "oso lazgarria" dela. Udalak bat egin du Orioko Mugimendu Feministak gaur 19:00etarako deitu duen elkarretaratzearekin, eta hiru eguneko dolua ezarri du herrian.

Orioko Udalak agerraldia egin du 11:30ean udaletxeko udalbatzar aretoan, atzo gertatutako hilketa matxistaren aurrean. Bertan, alderdi guztiek adostutako adierazpena irakurri du Anuska Esnal alkateak.

Atzo arratsaldean bizitakoa "oso lazgarria" izan dela azaldu dute idatzian, eta indarkeria matxistak "lehen mailako arazoa" izaten jarraitzen duela oraindik. Horregatik, alderdi politiko guztien izenean babes osoa erakutsi nahi diete "bi familiei eta egoera gertutik bizi izan duten herritarrei". Horientzat guztientzat baliabideak jarriko dituela azaldu du udalak.

Era berean, herrian emandako erantzunaren aurrean, "errespetuz" jokatzeko deia egin du udalak. "Azken orduetan sare sozialen bidez zabaldu diren irudien erabilera oso desegokia izan da, eta horren aurrean, erantzukizunez jokatzea ezinbestekoa dela azpimarratu nahi dugu", adierazi dute, eta berretsi dute "herritartasuna" erakusteko momentua dela.

Hiru eguneko dolua

Udalak hiru eguneko dolua ezarri du herrian, eta ondorioz, bertan behera utzi ditu aurreikusitako ekitaldi guztiak. Udal-zerbitzu guztiak itxita egongo dira, hala nola, Danbolin Musika eta Dantza Eskola, kultur etxea, liburutegia, ludoteka eta gaztelekua. Zentzu berean, Orioko Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzearekin bat egingo du udalak, eta bertaratzeko deia egin die herritarrei ere. Gaur izango da elkarretaratze hori, herriko plazan, 19:00etan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!