Dendariei eta merkatariei asteartean aurkeztuko diete merkataritza planaren egitasmoa

Andrea Zipitria 2023ko uzt. 9a, 11:30
Eusko Gudari kalea.

Merkataritza sustatzeko plana jarriko du martxan Orioko Udalak. Lehen fasea amaitu berri, datorren asteartean bigarrenari ekingo diote: herriko merkatariekin bilera irekia egingo dute, asteartean, kultur etxean.

Orioko Udalak ekonomia zirkularra bultzatu nahi du herrian, eta horretarako merkataritza sustatzeko plana jarriko du martxan. Sektorearen diagnosi bat egitea da asmoa. Hala, kontsumitzaileei inkestak egiten ibili dira lehen fasean.

Datozen egunotan, berriz, hurrengo faseari ekingo diote: herriko merkatariekin bilduko dira, jasotako informazioa kontrastatzeko eta haien ikuspuntua jasotzeko. Hain justu ere, merkataritza planaren nondik norakoak azaltzeko bilera irekia egingo dute dendari, ostalari eta zerbitzu enpresekin; kultur etxean izango da, hilaren 11n, asteartearekin, 14:30ean. Azterketaren emaitza udazkenerako prest izan nahi du Orioko Udalak, eta hortik abiatuta, herriko merkataritza indartzeko neurriak hartzea izango da asmoa.

Horrez gain, baina, proiektuak honako xede hauek ditu: herriko establezimenduen irisgarritasuna eta kontsumitzaileen fluxuak aztertzea; herrian negozio berriak jartzeko dauden aukerak lantzea, lokal hutsen erabilera sustatzeko; eta belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko bide-orri bat garatzea. Izan ere, zenbait merkatari erretiroa hartzeko adinean egongo dira laster, eta negozioek jarraitu ahal izatea bultzatu nahi du erakundeak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!