Lourdes del Hoyo hil zuten bankua morez margotu eta liburu trukerako txokoa jarriko dute bertan gaur arratsaldean

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 7a, 12:44

Lourdes hil zuten bankua, kandelez beteta.

"Lourdes oso irakurzalea zen, eta espazio horretan liburuak irakurtzeko eta trukatzeko txoko bat sortu nahi da bere omenez", adierazi du udalak. Emakumeen* Mahaiak gauzatuko du ekintza, baina oraingoz ordurik ez dute zehaztu. 

Ia bi hilabete igaro dira Orion gizon batek Lourdes del Hoyo bikotekide ohia hil zuenetik; maiatzak 16 zituen, arratsaldea zen, eta herriguneko banku batean erail zuen emakumea tiroz. Ordutik, herritarrek "Lourdes gogoan" izan dutela gogorarazi du Orioko Udalak: "Herritarrek loreak, kandelak eta oroitzapen mezuak utzi dituzte bera oroitzeko eta hilketa gaitzesteko". Horregatik, Orioko Emakumeen* Mahaiak erabaki du bankua morez margotzea eta ondoan liburuen trukaketarako etxetxo bat jartzea. "Izan ere, Lourdes oso irakurzalea zen, eta espazio horretan liburuak irakurtzeko eta trukatzeko txoko bat sortu nahi da bere omenez", azaldu du udalak.

Horrez gain, "bankua morez margotuko da egiturazko emakumeen kontrako indarkeriak gure artean jarraitzen duela ikustarazteko". Gaur arratsaldean margotuko dute bankua –ordua ez dute zehaztu– eta etxetxoan hainbat liburu utziko dituzte Emakumeen* Mahaiko kideek. Hala, herritarrak gonbidatu dituzte liburuak bertan utzi eta hartzera.

Bestetik, gaur amaituko da udalak abiatutako erreparazio fasea ere. Sortzen aholkularitzaren eskutik, azken saioa egingo da "Entzuteko Gunean amaierara arte egon diren herritarrekin".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!