Omenaldi politena Lourdes del Hoyorentzat

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 8a, 15:58
Margotuta eta ondoan liburuentzat etxola jarrita gelditu da bikotekide ohiak Lourdes del Hoyo hil zuen bankua. (Onintza Lete Arrieta)

Emakumeen* Mahaiko kideek margotu dute Orioko bizilaguna hil zuten bankua, eta alboan birziklatutako materialarekin egindako etxola jarri dute, nahi duenak bertan liburuak uzteko nahiz bertatik hartzeko.

Uztailak 8 ditu gaur, larunbat goiza da; 08:00 ez ditu jo oraindik, eta herria pixkanaka esnatzen hasia da. Korrika saioa egitera atera dira dagoeneko batzuk, txakurra paseatzera beste batzuk, lanean ere hasiak dira hainbat...

Lourdes del Hoyo hil zuten tokia ere ez dago hutsik: maiatzaren 16an bikotekide ohiak hil zuen bankuaren aurrean loreak egoten dira loreontzietan, eta jubilatu bikote batek dagoeneko eraman ditu iturrira ureztatzera. "Eguzkiak bete-betean jotzen ditu, eta goizetan ura botatzen diegu", azaldu dute, inork azalpenik eskatu ez arren. Lana amaitu, eta umil-umil alde egin dute.

Etxolan irakur daitekeen inskripzioa. (Onintza Lete Arrieta)

Atzo arte lurrean uzten zituzten loreontziak, baina gaur egun berria da toki horrentzat. Del Hoyo hil zuten bankua morez margotu zuten atzo arratsaldean, eta alboan, material birziklatuz egindako etxetxo polita jarri zuten, herritarrek bertatik liburuak hartzeko eta trukean liburuak utzi ahal izateko. Etxetxoak hainbat apal ditu, eta horietako batzuetan utzi dituzte loreontziak, lore alaiz jantzita.

Emakumeen* Mahaiaren ekimenez edertu dute bankua eta jarri dute liburutegitxoa, eta udalak ere eman ditu azalpenak, ohar bidez, egitasmo honi buruz: "Lourdes oso irakurzalea zen, eta espazio horretan liburuak irakurtzeko eta trukatzeko txoko bat sortu nahi da bere omenez". Minaren eta biolentziaren ikur zen tokia askatasunaren eta jakintzaren eremu zabal bihurtu dute Orioko herritarrek, elkarrekin.

Bikote bat, gaur goizean loreontziak txukun jartzen liburu etxolaren apaletan, iturrian ureztatu ondoren. (Onintza Lete Arrieta)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!