'E, Petrel!' liburuaren irakurraldi musikatua egingo dute ostiralean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 28a, 12:40

Ibon Gaztañazpi eta Julio Villar 'Eh Petrel' liburua eskuekin eusten. (Karkara)

Mutiozabal plazan eskainiko dute 20:00etan hasita eta Julio Villar idazleak eta lana euskaratu duen Ibon Gaztañazpik hartuko dute parte.

Julio Villarrek idatzitako eta Ibon Gaztañazpik euskaratutako Eh Petrel: Munduari buelta belaontzi txiki batean kontakizunaren irakurraldi musikatua egingo dute Mutiozabal plazan ostiralean 20:00etan hasita. Eguraldiak laguntzen badu, betiere. Bestela, Elizako zimitarioan egingo dute. 

Antolatzaileek zehaztu dutenez, irakurketa eta musika ez ezik, Villarrek munduan barrena egindako bidaien irudiak ere uztartuko dituzte saioan eta bi idazleek eta herritarrek hartuko dute parte. Guztien ahotsean entzungo dituzte liburuko hainbat pasarte  bertaratzen diren herritarrek. Musikaz, berriz, Hereje Fighters taldeko kideak arduratuko dira, Iñaki Etxeberria, Fermin Lazkano, Eñaut Agirre eta Manex Barrenetxea, alegia.

Villarren liburuak jasotzen du idazleak 25 urte zituela, 1968an, Bartzelonatik abiatuta egin zuen lau urte eta erdiko bidaia. Epe horretan 38.000 miliako ibilbidea egin zuen inoiz munduari buelta eman dioten ontzi arinenetako batekin; izan ere, 7 metro eslorako Mistral belaontzian bidaiatu zuen. Eguneroko batean jaso zituen Villarrek bere gorabehera guztiak eta literaturara eraman zituen ondoren ¡Eh, Petrel! Cuaderno de un navegante solitario liburuarekin. Gaur egun, itsas abenturako liburu klasiko bat bihurtu da haren kontakizuna. Gaztañazpiren itzulpena, berriz, iaz argitaratu zuen Albaolak eta Zumardia elkarteak E, Petrel! Nabigatzaile bakarti baten koadernoa izenburuarekin.