Banderak afizioarentzat

Onintza Lete Arrieta-Maialen Etxaniz 2023ko ira. 10a, 16:18

Goizean goizetik hori kolorea izan da nagusi gaur Donostiako badia inguruetan. Zaleak nonahi, eta txaranga jendetsua arranplan, arraunlariak animatu eta animatu. Ezbairik gabe, zaleak izan dira onenak, nahiz eta Paseo Berrian komeni baino petardo eta koloretako ke pote gehiago erabili dituzten une batean.

Kontxako Banderarik ez dator gaur Oriora, baina herriko bi traineruak gustura egoteko moduan dira, banderak irabazita bezala ospatu dutelako Kontxako bigarren jardunaldia Orioko zaleek. Animatu ere, tope animatu dituzte arraunlariak goizean goizetik. Bai herrian, bai Donostian.

Ohi bezala, oraingoan ere kolore horia izan da nagusi Donostiako badia inguruan. Paseo Berrian, esaterako, ia beste kolorerik ezin zitekeen ikusi. 10:00etarako tokia hartuta zuten askok, jan-edanak prest, eguerdira arte hantxe egoteko inora mugitu gabe. Handik pasatu dira emakumezko zein gizonezko arraunlariak, eta denei harrera beroa egin diete zaleek. Batzuek, hori bai, komeni baino petardo eta koloretako ke pote gehiago erabili dituzte une zehatz batzuetan. 

Arranplan, berriz, txaranga jendetsuarekin topo egin dute arraunlariek, eta nesken trainerura arraunlari asko hunkituta igo dira, txarangak Mirotza abestia jo duenean.

Hirugarren amaitu dute estropada emakumezkoek eta bosgarren gizonezkoek, baina irabazleen pare hartu dituzte bi traineruak herriko zaleek, bereziki zale gaztetxoek; festarako gogotsu zeuden horiek, izan ere. Haurrak eta helduak tristeago zeuden, nahiz eta denek txalotu Orioko arraunlarien lana eta esfortzua.

Zalantzarik gabe, gaurko banderak afizioarentzat izan dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!