A30 greba feminista orokorra

Errepidea moztuz hasi da greba eguna Orion

Onintza Lete Arrieta 2023ko aza. 30a, 10:38

Saregile Emakumeon Etxean adin guztietako hogei lagun inguru elkartu da 09:00etan, txokolate beroa hartu eta greba feminista orokorreko ekintzak zehazteko. Aurrena autobus geltoki aurrera joan eta errepidea moztu dute minutu batzuez, eta pikete informatiboei ekin diete gero. Grebaren eragina nabarmena da herriko kaleetan, baina saltoki batzuk zabalik daude.

Iritsi da Azaroaren 30a. Greba feminista orokorrera deituta daude herritarrak zaintzarako eskubidea aldarrikatzeko, eta eguneko lehen orduetan, nabaria da grebaren eragina Orioko kaleetan. Udal zerbitzuak itxita, eta baita hainbat saltoki eta negozio ere. Beste batzuk, berriz, zabalik daude.

Grebaren harira, adin guztietako hogei lagun inguru elkartu dira 09:00etan Saregile Emakumeon Etxean, eta txokolate beroa hartuz, bilera egin dute, goizeko ekintzak zehazteko. 10:15 aldera joan dira errepide nagusira, autobus geltoki parera, eta errepidea osorik itxi dute hainbat minutuz. Bi pankarta zabaldu dituzte, bakoitza alde banatara, eta zaintzaren inguruko aldarrikapenak megafonia bidez entzun ahal izan dituzte inguruan ziren herritarrek.

Inolako istilurik gabe amaitu dute errepide mozketa, eta pikete informatiboekin jarraitu dute.

12:00etan manifestazioa egingo dute plazatik abiatuta, eta 14:00etan bazkaria izango da Balea elkartean. Arratsaldean, elkarrekin joango dira kotxeetan Zumaian egingo den eskualde mailako manifestaziora.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!