San Nikolas jaiak 2023

Umorea eta musika nagusi Koldo Arruti, Bixente Lasa eta Jesus Makazaga omentzeko

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 6a, 20:23

Anuska Esnal alkatea buru zela, Orioko Udaleko zinegotzi guztien erdian jarrita egin diete aitortza herritarrek aurtengo sanikolasetako hiru omenduei eta haien kuadrillari. Aurretik, Danbolin musika eskolako bandak kontzertu bizia eskaini du plaza bete jenderen aurrean, eta ekitaldian parte hartu dute Salatxo abesbatzak, Harribil dantza taldeak eta Pello eta Nikolasa erraldoiek ere.

San Nikolas egunez egin diete aitortza herritarrek Koldo Arrutiri, Bixente Lasari eta Jesus Makazagari; haiek dira aurtengo sanikolasetako hiru omenduak, eta kuadrillarekin batera atera dira herritarren aurrera herriko plazara, 19:15 inguruan. Anuska Esnal alkatea buru zela, udaleko zinegotzi guztiak ere izan dira omenaldian.

Esnalek umoretsu kontatu du zenbat lan egin duen kuadrillak herriko hainbat ekitaldi eta festetan era guztietako jakiak prestatzen, eta baratxuriarekin alderatu ditu. Hitz ederrak ere izan ditu haientzat; taldearen umiltasuna goraipatu du, baita besteentzat lan egitearekin sentitu duten satisfazioa azpimarratu ere. Hunkituta egon dira omenduak hainbat momentutan.

Alkatearen hitzen ondotik, Jon Agirresarobe Kultur teknikariak bertso ederrak bota dizkie, eta aitortzan ez da falta izan dantzarik –Harribilen eskutik–, musikarik –Danbolin musika eskolako bandaren eta Salatxo abesbatzaren eskutik– eta jai girorik –Pello eta Nikolasa erraldoien dantzekin–.

Omenaldia hasi aurretik, Danbolin musika eskolako bandak kontzertu bizia eskaini du plazan bertan, era guztietako doinuak eskainiz plaza bete jenderi, eta merezitako txalo zaparradak jaso ditu.

(Laster omenaldiaren eta musika bandaren bideoak hemen ikusgai).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!