Oriotarrek emaitza bikainak lortu dituzte Espainiako XXII. Arraunergometroko Txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 12a, 12:26
Rebollo, Saies eta Garmendia, dominak eskuratu ostean. (Utzitakoa)

Joseba Saiesek eta Imanol Garmendiak urrezko domina bana eskuratu dute asteburuan Tarragonan (Herrialde Katalanak) jokatutako lehiaketetan. Bestalde, Alberto Rebollok, zilarrezko bi domina lortu ditu VI. Open Espainia Indoor arraun proban.

Asteburuan amaitu da arraunergometroko denboraldia, Tarragonan (Herrialde Katalanak) jokatutako Espainiako XXII. Arraunergometroko Txapelketarekin. Han izan dira oriotarrak, eta emaitza bikainekin etxeratu dira Orio Arraunketa Elkarteko kideak: izan ere, urrezko domina bana lortu dute Joseba Saiesek –beteranoetan, 1.000 metroko proban– eta Imanol Garmendiak –pisu arinetan, 2.000 metroko proban–.

Bestalde, Alberto Rebollok zilarrezko bi domina lortu ditu  aldi berean jokatu den VI. Open Espainia Indoor arraun proban –500 metro  eta 2.000 metro sprint paralinpiko kategorietan–.

Aipagarria da Saiesek azken hilabeteetan egindako ibilbidea, lau garaipen lortu dituelako hainbat probatan: FER III. Indoor Txapelketa (2023); British Open (2023), Munduko Txapelketarako txartela eskuratuz; Gipuzkoako Txapelketa (2024); eta Espainiako Txapelketa (2024).

Munduko Txapelketa Pragan jokatu da aurten, eta seigarren eta zazpigarren postuak lortu ditu 2.000 metroko eta 500 metroko probetan, hurrenez hurren. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!