Gurasoentzako lau formazio saio antolatu ditu Altxa Burua Oriok

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 6a, 11:00
Sakelako telefonoa.

Sakelako telefonoez, teknologia berriez eta nerabeez arituko dira Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal adituak ordu eta erdiko lau saiotan, apirilaren 16an, 18an, 22an eta 24an. Izena emateko epea zabalik dago. Helburu nagusia gurasoen beharrizanak asetzea izango dela jakinarazi dute.

Altxa Burua Oriok gurasoentzako formazio saioak antolatu ditu sakelako telefonoaren erabileraren inguruan. Ikastaroa lau ataletan banatuta dago, eta datak zehaztuta daude: apirilaren 16an, 18an, 22an eta 24an egingo dituzte, Kultur Etxean nahiz herriko bi ikastetxeetan. Izena emateko epea zabalik dago, eta horretarako bi bide jarri dituzte; online galdetegi bat erantzunda, edo mezua bidalita altxaburua@gmail.com helbide elektronikora. Zalantzak argitu edo informazio gehiago nahi duenak ere horra idatz dezake.

Ikastaroa Maitane Ormazabalek eta Telmo Lazkanok eskainiko dute, eta beste bi atal ere izango ditu, ikasle eta irakasleei zuzendutakoak. Gurasoen formakuntza amaitu eta gero egingo dituzte saio horiek, herriko bi ikastetxeetan.

Gurasoentzako saioak honakoak dira: Mugikorren auziaren formazio integrala (apirilak 16); Osasun mentalean barrena (apirilak 18); Sare sozialen arrisku eta erabilera (apirilak 22); eta Nerabeen barrena: Beldurrak, balioak, autoestimua eta identitate eraiki eraren garrantzia (apirilak 24).

Saio guztiak arratsaldez izango dira, 18:00etatik 19:30era, baina bilkura guneak aldakorrak izango dira: aurreneko bi saioak Kultur Etxean egingo dituzte, baina hirugarrena Orio Herri Ikastolako areto nagusian izango da, eta laugarrena, berriz, Zaragueta Herri Eskolako areto nagusian.

Saioei buruzko informazioa

Lau saioei buruzko informazio zehatza ere zabaldu du Altxa Burua Oriok. Esaterako, aurreneko saioan, sare sozialak eta halako teknologiak "benetan ulertzeko" beharrezkoa den "ezagutza sakon eta sendo bat landuko da", baita nerabeen neurologia ere. Beste gauza batzuen artean, ondorengoak jorratuko dituzte lehen saio horretan: sare sozial horien benetako negozioa eta bere alde ezkutua; pertsonak pantailara itsatsita mantentzeko erabiltzen dituzten metodoak; zer ondorio dituen; nola eragiten duen nerabearen autoestimuan eta nola funtzionatzen duen nerabeen garunaren aparatu emozionalak...

Datuak ere emango dituzte erabilera goiztiar eta desegoki batek izan ditzakeen ondorioez. Lanketa ahalik eta modu pragmatikoenean egingo dutela esan dute, eta saioa lau bloketan banatutako 15-20 minutuko azalpenetan egingo dutela. Bloke bakoitzaren amaieran, geldiune bat egin eta gurasoei emango zaie txanda beraien zalantzak, gogoetak eta kezkak plazaratzeko. Izan ere, azaldu dute helburu nagusia bertaratutakoen beharrizanak asetzea dela eta, beraz, beraien parte hartzea funtsezkoa dela.

Bigarren saioan, gaur egungo nerabeen buru osasuna ulertzeko beharrezkoa den ezagutzan murgilduko dira partaideak. "Gure gazteen nahasmendu ohikoenak ulertu eta landuko ditugu (elikadura nahasmenduak, antsietatea eta depresioa, auto lesioak...), nahasmendu bakoitzeko erraminta, erantzun eta irtenbide konkretu posibleak landuz". Ezagutza eta ulermena errotzea funtsezkoa dela azaldu dute, ekintzetara igaro ahal izateko. "Pantailen adikzioen atzean ezkutatzen diren gabezia emozional eta mentalak", gazteen portaera horietan eragina duen barne prozesu kognitibo, emozional eta mentalak landuko dituzte.

Hirugarren saioan sare sozialez ariko dira. "Sare sozialen arriskuak eta irtenbideak ikusi ostean, etxean eta, batez ere nerabeek, mugikorrarekin harreman osasuntsu bat izateko eskura ditugun tresna, ohitura, heziketa eta proposamen desberdinen lanketa zabala egingo dugu". Helburua, zalantza oro argitzeaz gain, izango da gurasoei tresnak ematea gero  beren egoera zehatzera egokitzeko.

Laugarrenean, azkenik, inteligentzia emozionala izango dute hizpide. "Familia esparruan eta zehazki, gure nerabeen heziketari begira, gure buruekin eta emozioekin harreman osasuntsu bat izateko eskura ditugun tresna, ohitura, heziketa eta proposamen desberdinen lanketa zabala ematea izango da helburua". Zalantzak argitzeaz gain, inteligentzia emozionala garatzen lagunduko duen ezagutza jaso eta hori burutzeko baliabideak landuko dituzte.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!