Altxa Burua Oriok antolatutako formakuntzako lehen saioa, ezin interesgarriagoa

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 17a, 10:00
Atzoko Kultur Etxeko saioaren une bat. (Onintza Lete Arrieta)

Mugikorren auziaren formazio integrala izenburupean, Telmo Lazkano aditu zumaiarrak sakelakoen, sare sozialen eta nerabeen gaia testuinguruan kokatu zuen atzo arratsaldeko saioan, hainbat datu eta argumentu erabilita, eta adi-adi jarraitu zuten bilkura 30etik gora gurasok.

Atzo arratsaldean abiatu zen Altxa Burua Oriok herriko gurasoentzat antolatutako formakuntza saioa sakelakoez, sare sozialez eta nerabeez, eta ezin interesgarriagoa izan zen. Telmo Lazkano aditu zumaiarrak eskaini zuen solasaldia Mugikorren auziaren formazio integrala izenburupean, eta horixe izan zen edukia: gaia bere testuinguruan kokatzea, "jakintzarik gabe askatasunik ez dagoelako", Lazkanok azpimarratu zuenez.

30etik gora gurasok adi-adi jarraitu zuten saioa Kultur Etxean, eta bigarren hitzorduan atzoko teoria praktikara nola eraman azalduko du Lazkanok berak.

Oraindik izena eman ez baina formazio saioetan parte hartzeko interesa duenak horretarako aukera duela jakinarazi dute antolatzaileek, ez baita derrigorrezkoa lau saioetan parte hartzea. Izena hemen eman daiteke, eta formakuntza saioei buruzko informazio gehiago, berriz, hemen lor daiteke. Hurrengo saioa bihar izango da, osteguna, 18:00etan Kultur Etxean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!