GUKA GARA

"Geurea", "etxekoa", babesean

Erredakzioa 2023ko uzt. 13a, 13:02
Artxiboko irudian, Orioko plazan herritar batzuk hizketan.

2023ko ekaineko KARKARA aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Bertakoa eta anitza, eragileen eta herritarren bozgorailu, eta euskararen aterpe. Horrela defini daiteke euskarazko toki komunikabide bat. Horrela defini daiteke KARKARA. Orioko eta Aiako gertaera garrantzitsuen berri eman du sortu zenetik, eta hain garrantzitsutzat jo ohi ez ditugun beste mila eta bat istorio handi eta txiki ere kontatu ditu orrialde fisiko zein birtualetan. Gertaerak eta istorioak daude alde batean; bestaldean, bazkideak, irakurleak, erabiltzaileak, eragileak. Toki hedabide batek behar-beharrezkoak ditu horiek guztiak, eta herritarrek eta eragileek ere funtsezkoak dituzte KARKARA bezalako herri komunikabideak beren lana, iritziak zein salaketak plazaratzeko, nahiz informatuta egoteko.

Tokiko komunikabideen garrantzi hori argi dute, esaterako, Nere Manterola eta Xabier Sukia oriotarrek. Irakaslea aurrena, kazetaria eta bertsolaria bigarrena, biek sentitzen dute gertuko KARKARA. "Komunikabide handietatik aparte, tokikoak edo txikiak herriko puntu hori eskaintzen du, eta batez ere eguneroko informazio oso-oso eguneratua eskaintzen du KARKARAk. Oso lan txukuna egiten dela iruditzen zait", azpimarratu du KARKARAko bazkide ere baden Manterolak; "sare sozialetatik eta webgunetik jarraitzen dut, eta uste dut etengabeko informazioa eta geurea eskaintzen duela, etxekoa". Manterolak aitortu du joera duela "hemengo gauzak hemengoek kontatuta" jakitekoa.

Nere Manterola: "Uste dut KARKARAk etengabeko informazioa eta geurea eskaintzen duela, etxekoa"

 

Informazio erreferentziala, euskaraz

"Niretzat KARKARA da Orio", azaldu du, berriz, Sukiak. "KARKARA da informazio hurbila, gertukoa, erreferentziala eta gertuko pertsona, talde eta elkarteen informazioa jasotzeko bide bat", gaineratu du. "Informazio aldetik iturri hurbila izateaz gain, hizkuntza aldetik ere hurbiltasuna transmititzen didan hedabidea da, Orioko euskarak bere bustidurak badituelako, eta izenetik abiatuta, hasieratik atxikimendu bat lortu zuelako Karkara deitzeagatik eta idazkera aldetik ere hasieratik lan handi-handia egin zelako herritik ahalik gertuen egoteko". Euskaraz "informazio erreferentziala" irakurtzeko "tresna inportantea" deritzo Sukiak KARKARAri.

Euskaraz izatearen garrantzia nabarmendu du Manterolak ere: "Bizi ditugun garaiotan, behar-beharrezkoa da herriko komunikabidea euskaraz izatea eta sare sozialetan-eta presentzia edukitzea gure hizkuntzak".

 

"Hizkuntza aldetik ere hurbiltasuna transmititzen didan hedabidea da KARKARA"

 



Urteetako lanaren poderioz lortu du KARKARAk herritarren egunerokoan erreferente izatea, etxekoa; urratsez urrats, talde lanean eta batzearen indarrean sinetsiz. Horregatik, etorkizuna GUKA proiektuaren aterkipean ikusten du KARKARAk, funtsari eusteko: bertakoa eta anitza izatea, eragileen eta herritarren bozgorailu, eta euskararen aterpe.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!