581.000 bisita izan ditu Karkara.eus-ek 2023an

Erredakzioa 2024ko urt. 2a, 13:00
Karkara.eus webguneko edukiak eskuko-telefonotik irakurtzeko joera handitzen ari da urtez urte.

2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 581.200 bisita izan zituen Karkara.eus-ek, Google Analyticsek emandako datuen arabera. Egunean, batez beste, zazpi albiste argitaratu ditu Karkarak webgunean, eta atari digitalak 1.592 bisita izan ditu egunero. Bisita gehienak eskuko telefonoetatik egin dituzte erabiltzaileek.

2023. urteak askotariko albisteak utzi ditu Aian eta Orion; batzuk onak, besteak txarrak. Eta horien guztien berri eman du Karkara.eus-ek joan berri den urtean ere. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Karkarak 2023an ere, eta hainbat izan dira Komunitatearen bidez ekarpenak egin dituzten herritarrak eta eragileek ere. Guztira, 2.544 albiste argitaratu ziren webgunean iaz, zazpi albiste egunean batez beste, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten herritarrak –hona hemen iazko hamar albiste irakurrienen zerrenda–.

2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 581.200 bisita izan ditu Karkara.eus-ek. Google Analytics neurgailuak emandako datua da hori. Urtez urte hazten jarraitzen du Karkararen webguneko bisiten kopuruak, eta iazkoa ere ez da salbuespena izan; izan ere, 102.188 bisita gehiago izan ditu Karkara.eus-ek urtebeteko epean. Datu hori kontuan izanik, egunean, batez beste, 1.592 bisita izan ditu webguneak.

Joerak azken urteetako berbera izaten jarraitzen du. Izan ere, Interneteko edukiak eskuko telefonotik irakurtzeko joera areagotzen ari da urtez urte, eta 2023a ere ez da salbuespena izan zentzu horretan. Karkara.eus-en kasuan, 2016a inflexio puntua izan zen: lehen aldiz, bisiten erdia baino gehiago (%51,83) eskuko telefonoetatik egin zituzten herritarrek. 2023an, berriz, erabiltzaileen %80 inguruk aukeratu zuten eskuko telefonoa Karkara.eus irakurtzeko.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabide digitalen datuak izugarriak izan dira 2022an. Taldearen webguneetan albiste ugari argitaratu ziren iaz, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten erabiltzaileak. Hain zuzen ere, taldea osatzen duten sei webguneek –Uztarria, Maxixatzen, Baleike, Karkara, Zarauzko Hitza eta Urola Kostako Hitza– 10.263.009 bisita izan zituzten iaz, 2022an baino milioi bat bisita gehiago –9.174.112 bisita izan zituzten 2022an–.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!