'XUA GURASOEKIN ETXERA'

Herritar ugari 'Xua gurasoekin etxera' abestiaren aurkezpenean

Karkara 2019ko ira. 27a, 21:07

Hileko azken ostirala aprobetxatu du herritar talde batek Patxi Uranga eta Olatz Lasagabasterraren askatasuna eskatzeko, eta auzolanean sortutako abestia aurkezteko. Sinadura bilketa ere abiatu dute. Elkarretaratzea egin da aurrena, eta ondoren abestia entzun ahal izan da, lau dantzarik egindako koreografiarekin batera.

Zigorraren hiru laurdenak beteta eduki arren, kartzelan jarraitzen dute Patxi Uranga preso oriotarrak eta haren bikote Olatz Lasagabasterra preso usurbildarrak. Valentzian (Herrialde Katalanak) daude preso, eta Lasagabasterrarekin bizi da haien alaba Xua. Urtarrilean hiru urte beteko ditu, eta orduan amarengandik bananduko dute, legeak baitio ezin duela kartzelan bizitzen jarraitu.

Usurbilera ekarriko dute Xua, eta hainbat herritarrek ekimen bat jarri dute martxan, haren gurasoak ere Euskal Herrira etor daitezen, aske.

Hileko azken ostirala aprobetxatu nahi izan dute ekimenaren berri emateko, hain zuzen, herriko plazan presoen eskubideen alde egiten den elkarretaratzea amaitzean. Herritar ugari elkartu da plazan, asko seme-alabekin. Urangaren eta Lasagabasterren senitartekoak ere bertan izan dira.

EH Bilduko udal ordezkariak ere izan dira ekitaldian, tartean Anuska Esnal alkatea.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Xua gurasoekin etxera dinamikaren barruan sinadura bilketa abiatu dute. Elkarretaratze garaian mahaia jarri dute nahi zuenak sinatzeko, baina Internetez ere egin ahal izango da, change.org webgunean.

Bestetik, Xua gurasoekin etxera abestia aurkeztu dute. Hori izan da momenturik hunkigarriena, bozgorailuetatik entzun ahal izan baita abestia, eta aldi berean, herriko lau dantzarik koreografia eskaini baitute. Amaieran, dantzariek besarkada estuak eman dizkiete presoen senitartekoei.

Koreografia Ainhoa Urkizuk, Joseba Orellak, Laida Iturraldek eta Ekiñe Saizarrek prestatu eta dantzatu dute.

Entzun abestia hemen.

Abestia, lagun askoren artean

Orioko Amasoain baserrian grabatu dute, eta Orioko, Usurbilgo eta Zarauzko hainbat musikarik hartu du parte lanean. Antolatzaileek honako zerrenda helarazi dute:

  • Abestiaren sortzailea: Unai Odriozola
  • Abestiaren doinua: Iñaki Gurrutxaga
  • Gitarra 1: Unai Odriozola
  • Gitarra 2: Aitor Pagola
  • Bateria: Imanol Arruti, Txabola
  • Bajua:  Harkaitz Iparragirre, Kale
  • Ahotsak: Andrea Lopetegi, Jon Itxaso eta Fer Apoa
  • Hitzak: Xabier Sukia
  • Soinu teknikaria: Murray
  • Grabaketarako beharrezko materiala: Mattin Epelde.
  • Haitzgaña baserriko jendea: Iboni, Aratz, Amaia, Murgi, Jon eta Balerdi).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!