Aiako eta Orioko norbanako, eragile eta elkarte ugarik bat egingo dute greba orokorrarekin

Karkara 2020ko urt. 29a, 11:43

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, sindikatuek eta gizarte zibileko hainbat eragilek deitutako greba orokorraren atarian, Aiako eta Orioko langile, eragile, talde zein elkarte ugarik greba orokorrarekin bat egingo dutela jakinarazi dute. Hurrengoa da zerrenda.

AIA

- Kooperatibak gutxieneko zerbitzua eskainiko du goizeko lehen orduan, eta goiz erdian itxi egingo dute.

- Lardizabal Eskolako irakasleek eta jangelako langileek greba egingo dute.

- Zingira Eskolak bat egingo du greba deialdiarekin.

- Talleres Ondozabal eta Indauxeko langileek greba egitea erabaki dute, bozketa bidez.

- Acabados y Logistica eta Estampaciones Gipuzkoa enpresetan batzar informatzaileak egin dituzte, eta langile bakoitzak erabakiko du greba egin nahi duen.

ORIO

- Orioko Xaltxerak talde feministak eta Etxeluze gaztetxeak bat egin dute greba deialdiarekin.

- Greba egingo dute Orioko Herri Ikastola, Zaragueta Herri Eskola eta Maria Maestra Haurreskolako langileek, baina gutxieneko zerbitzua eskainiko dute greba egunean.

- Udaletxeko langileek greba egingo dute.

- Abenduko ohiko osoko bilkuran, Orioko udalbatzarrak babesa adierazi zion deialdiari.

- Orioko Ahalduntze Eskolak bat egingo du greba orokorrarekin.

- Karela kiroldegia itxita egongo da, langileek greba egitea erabaki dutelako.

- Orioko Eroski Centerreko langileek greba egingo dute, eta denda itxita egongo da egun guztian zehar.

- Orio Arraunketa Elkartea eta Orioko futbol elkartea itxi egingo dituzte, eta Orioko Pilota Elkarteak ere bertan behera utzi ditu egun horretako entrenamenduak.

- Arkupe merkatarien eta ostalarien elkarteak ez du erabaki bateraturik hartu, eta bazkide bakoitzak erabakiko du greba orokorrarekin bat egin nahi ote duen. Bazkide batzuk Greba orokorrarekin bat egin eta ixtea erabaki dute; beste batzuk goizean ordu batzuk irekiko dituzte gutxieneko zerbitzua eskaintzeko, eta eguneroko zerbitzua normaltasunez ematea erabaki dutenak ere badira. 

- Urola Kostako Hitzako eta Karkarako langileek greba egitea erabaki dute. Ostegunean ez da egunkaririk izango, eta ostegunean grebaren jarraipena bakarrik egingo dute karkara.eus eta urolakosta.hitza.eus atarietan. 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!